Politika -
Txema Urkijoren kargugabetzea
Urkijok eta Fernandezek 'bateraezintasunei' egotzi diete kargugabetzea
Urkijok esan du Urkulluren Gobernuak "nolabaiteko defizita" daukala terrorismoaren biktimekiko. Bestalde, desadostasunak lan-irizpideen inguruan izan direla adierazi du Fernandezek.
Erredakzioa
Txema Urkijo Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiko aholkulari ohiak esan du Urkulluren Gobernuak "nolabaiteko defizita" daukala terrorismoaren biktimekiko, talde horri “keinu” bat egitea falta zaiola argudiatuta.
Urkijok agerraldia egin du hedabideen aurrean, atzo Iñigo Urkullu lehendakariak kargutik kentzea erabaki ondoren.
Covite biktimen elkarteak Urkijoren dimisioa eskatu zuen, Pikabea ETAko presoak biktima bati igorritako eskutitz bat gordetzea leporatuta.
Eskari hori “kointurala” izan dela nabarmendu du Urkijok gaur, eta bere kargugabetzearen arrazoia ez dela hori izan azpimarratu du.
Aholkulari ohiak salatu duenez, legealdiaren hasieratik “ostrazismo” egoeran izan da Urkijo eta, apurka-apurka, lantaldetik kanpo utzi egin dute. Azken asteetan ez duela inolako informaziorik jaso edota hausnarketa prozesuetan ez zuela parte hartzen kritikatu du.
Jonan Fernandez Bake eta Elkarbizitzarako idazkariarekin lan metodologian "desadostasunak" izan dituela aitortu du Urkijok. "Jonanen irizpidea gailendu egiten zen beti. Inposatu egiten zen".
"Ez genuen bat egiten lan talde kontzeptuarekin. Barne desadostasunen ondorioz, biktimekin zerikusia zuten hainbat ekimen bertan behera geratu zirela esan du Urkijok.
Lan-irizpideak
Bestalde, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak ukatu egin du Txema Urkijo Biktimen Arretarako aholkularia "desadostasun politikoak" tarteko kargugabetu izana, eta desadostasunak lan-irizpideen inguruan izan direla gaineratu du.
Bake eta Bizikidetzarako idazkariak gezurtatu egin du euren nortasunak "bateragarriak" ez izatea, eta goratu egin du Urkijok azken legegintzaldietan giza eskubideen alde egindako lana.
Fernandezen esanetan, Urkijok biktima bati ETAko preso baten gutuna eman ez izana "garrantzitsua" izan da kargugabetzea erabakitzeko, baina ez da izan arrazoi nagusia.