Politika -
Biktimen Oroimenezko Zentroa
'Errelato partziala ezartzen' saiatzea egotzi dio Amaiurrek Espainiari
Estatu terrorismoaren biktimei diru-laguntzak "etetea" kritikatu dute Amaiurreko bozeramaileek.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa gauzatzeko esku artean duen proiektuarekin "biktimak baztertzen dituen errelato partziala inposatzen" saiatzea egotzi dio Amaiurrek PPren Gobernuari. Halaber, Estatu terrorismoaren biktimei diru-laguntzak "etetea" kritikatu du Amaiurrek.
Xabier Mikel Errekondo eta Onintza Enbeita Amaiurreko bozeramaileek prentsaurrekoa eskaini dute ostegun goizean Donostian, atzo Espainiako Gobernuak Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa Gasteizen egingo dutela iragarri ostean.
"Giza eskubideez eta askatasunaz hitz egiteko ezin da giza eskubideen urraketa pairatu duen inor baztertu", azaldu dute. Hori dela eta, "biktima guztientzat" egia, justizia eta erreparazioa eskatu dute.
Errelato partziala, "berea", inposatzen saiatzea egotzi dio Amaiurrek Espainiako Gobernuari, eta "benetako eta bidezko bakea lortzeko" inork ezin duela errelatotik kanpo gelditu nabarmendu du.
Ildo horretan, "estalitako" indarkeria kasuak daudela adierazi dute, Angel Berroetarena kasu. Halaber, Estatu terrorismoaren biktimei diru-laguntzak "etetea" salatu dute.
Amaiurren iritziz, Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa "Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat" egin behar da, eta horren inguruan "adostasun zabala lortu behar da". Azkenik, Estatu terrorismoko kasuak argitzeko eta torturaren eta sakabanaketaren biktimak aitortzeko eskatu du Amaiurrek.
Zentroak zatiketa eragin eta Estatuko biktimak alboratuko dituela salatu du EH Bilduk
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez, Terrorismoaren Biktimen Oroimeneko Zentroak "memoriaren inguruko konfrontazioan" sakontzea eta "Estatuaren terrorismoak" kaltetutako horiek "marjinazioan erortzea" ekarriko du. Halaber, Eusko Jaurlaritzak ekimen hori txalotzea eta Espainiako Barne Ministerioari "alfonbra gorria" jartzea deitoratu du.
Memorialaren eraikuntzak "errelato partzial" horretan sakonduko duela iritzi dio Arzuagak. "Memoriaren borroka horretan konfrontaziorako bunker bat izango da Gasteizko zentroa", ohartarazi du.
Bestalde, euskal erakundeak Memoriaren Institutua abian jartzeko lanean ari direla azpimarratu du. Horren iritziz, "giza eskubideen, memoriaren eta elkarbizitzaren alde lan egingo zukeen erakunde bakar bat egotea zatekeen komenigarriena".
Eusko Jaurlaritzak aintzat hartu du Biktimen Oroimenerako Zentroa abian jartzea
Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroa abian jartzea aintzatu hartu du Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Elkarbizitzako idazkari nagusiak, "bi urtez geldirik egin ostean".
Fernandezen esanetan, Eusko Jaurlaritzak "behin eta berriz" eskatu dio Espainiako Gobernuari proiektuari heltzeko. "Dirudienez orain jarriko da martxan eta hori da garrantzitsuena", gaineratu du.
Bestalde, zentroaren kokalekuaz (Gasteiz) galdeuta, inolako eragozpenik ez dela jarriko nabarmendu du.