Politika -
2004ko hilketa
Angel Berruetaren hilketaren egileetako bat, baldintzapean aske
Miguel de la Peñaren aurka urruntzeko agindua eskatu dute Iruñeko merkatariaren senideek. De la Peña bere aitarekin batera zigortu zuten 2004ko krimenagatik.
Erredakzioa
Angel Berrueta Iruñeko merkataria 2004an hil zuten, bere okindegian. Martxoaren 11ko atentatuen inguruko eztabaida batean hil zuten Miguel de la Peñak eta haren aitak. Miguel de la Peña baldintzapean aske utzi dute orain. De la Peñaren aurka urruntzeko agindua eskatu dute Berruetaren senitartekoek.
De la Peñaren aitari 20 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten. Poliziaren semeari 15 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten. "Jarrera ona" izan duelako baldintzapeko askatasuna eman diote orain, zigorraren bi heren bete ostean.
Berruetaren senitartekoek agiri batean azaldu dutenez, urruntzeko agindua eskatu dute "familiako kideen aurkako erasoak berriz gerta daitezkeelako eta beldur direlako".
Bilera-sorta
Bestalde, alderdi politikoekin biltzen ari direla azaldu du Berruetaren familiak. Angel Berruetaren oroimenez jarritako plaka kendu zuen Iruñeko Udalak. Bileretan alderdien "gaitzespena" hauteman dutela adierazi dute senideek, "Udalaren jarrera zorrotzaren" aurrean. Hala ere, elkarbizitzarako "pauso kualitatibo bat emateko aukera" ikusten dute.
"Sentsibilitate ezberdinen arteko akordioarekin" hasi behar direla azpimarratu dute, "biktima guztiak aintzat hartzea" lortzeko helburuarekin.