Politika -
Lan gatazka
Ertzaintzan 'kaosa' dagoela salatu dute sindikatuek
Zentralen arabera, Segurtasun Sailaren plan estrategikoak "erdira" murriztu du ikerketaren arloan aritzen diren agenteen kopurua.
Erredakzioa
Ertzaintzan ordezkaritzan duten ELA, SiPE eta Euspel sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, eta, horrela, Segurtasun Sailaren plan estrategikoak "aurrekaririk gabeko kaosa" sortu duela salatu dute.
Tomas Rodriguez ELAko ordezkariak adierazpen bat irakurri du, eta Segurtasun Sailak ertzainei "errespeturik" ez diela deitoratu du. Izan ere, "ez du sektore mahaian negoziatzeko inolako asmorik".
Elkarretaratzean Ertzaintzan ordezkaritza duten sindikatuen % 40 izan dira. Gehiengoa duen zentralak, ErNEk, ezin izan du parte hartu, gaur bere kongresua abiatu duelako, baina babesa agertu die deitzaileei.
Ertzainen esanetan, Estefania Beltran de Heredia sailburuaren planak "erdira" murriztu du ikerketaren arloan aritzen diren agenteen kopurua.
Halaber, "lan-baldintza kaskarren ondorioz" ertzainak "motibazio gabe" daudela ohartarazi dute.
Sindikatuek azaldu dutenez, Segurtasun Sailak "murrizketak iragartzeko eta inposatzeko" erabiltzen du negoziazio mahaia, baina errefusatu egiten du negoziatzea.
Hori horrela, mobilizazioekin jarraituko dutela aurreratu dute zentralek.