Politika -
Gasteiz
Adolfo Suarez izena izango du autobus geltoki berriak, esan du Marotok
EAJk erabakia kritikatu du, bere ustez, Marotok "Suarezek bultzatutako adostasunaren eta akordioaren printzipioen" kontra egin du, eta geltokiarentzat adostutako izena bilatzeko eskatu dio.
Erredakzioa
Javier Maroto Gasteizko alkateak iragarri duenez, hiriburuko autobus geltoki berriak Adolfo Suarez izena izango du, eta ekimenak EAJren kritikak jaso ditu, adostutako erabakia eskatzen duelako.
Ohar baten bidez Gorka Urtaran EAJren Udaleko ordezkariak gogor kritikatu du alkatea, Espainiako presidente ohia omentzeko erabakia berak hartuta, "behar ez den polemika" sortuko duelako.
Marotok Twiterreko kontuaren bidez eman du autobus geltoki berrari -oraindik eraikitzen ari dira- Adolfo Suarez izena jartzeko erabakiaren berri.
Urtaranentzat deitoragarri da, bere ustez Marotok "Suarezek bultzatutako adostasunaren eta akordioaren printzipioen" kontra egin du, eta geltokiarentzat alderdi politikoen eta finantzaketan parte hartu dutenen artean adostutako izen bat bilatzeko eskatu dio.
Gainera, geltokiaren izenaz hitz egin baino lehen "bestelako kontu asko konpondu beharko lirateke, esaterako, geltoki beraren kudeaketa eredua erabaki eta zehaztu".
Halere, Urtaranek argi utzi du Adoldo Suarezen izena asko errespetatzen duela.