Politika -

Erabakitzeko eskubidea

Ibarretxe: 'Aldebakarreko independentzia adierazpenak izango dira'

Lehendakari ohiak esan du Espainiako Gobernuak Katalunian eta Euskal Herrian erabakitze-eskubidea gauzatzea ahalbidetzen ez badu, independentzia adierazpen unilateralak izango direla.

Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia. Artxiboko argazkia
Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia.
Ibarretxe: 'Herriari hitza eman behar zaio'

1:19

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Jose Ibarretxek esan du "aldebakarreko independentzia adierazpenak" izango direla Euskal Herrian eta Katalunian erabakitzeko eskubidea gauzatzea ahalbidetzen ez bada.

"Demokrazia ukatzearen ondorioz, Euskadin Sabino Arana baino independentista gehiago izatea lortzen ari da Espainia", nabarmendu du.

Erabakitzeko eskubideari buruz Bilboko Abokatuen Elkargoak mintegi bat antolatu du eta bertan izan da Juan Jose Ibarretxe. Harekin batera Irene Martin Kataluniako Asanblada Nazionaleko kidea, Iñigo Urrutia administrazio zuzenbideko EHUko irakaslea eta Elisenda Casanas Edinburgoko Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionalari buruzko Zentroko kidea izan dira.

Ibarretxek gogora ekarri du Diputatuen Kongresuan bere plana aurkeztu zuenean jaso zuen ezezkoa. "Erabakitzeko eskubidea pertsona guztiok daukagun oinarrizko eskubidea da, baina garai hartan ETAren indarkeriagatik desitxuratua zegoen eskubide hori", azaldu du.

Nolanahi ere, "egun indarrean dagoen ereduarekin Euskadi Espainiaren menpe dago, fiskalitatea, hezkuntza edo ekonomia bezalako gaietan eta, bai Euskadin bai Katalunian, gero eta gehiago jende gehiagok uste du menpekotasuna txarra dela", erantsi du.

"Autobusa non geldituko den ez dakigu, baina argi daukagu orain gauden geltokia gustuko ez dugula. Eta euskal herritar edo katalan sentitzea baino harago doa, nazioan baino demokrazian aurrera egitea suposatzen baitu", esan du.

Bestalde, Ibarretxeren iritziz, Auzitegi Konstituzionalak aste honetan ezagutarazitako epaia ona da, "politikan jokatzea erabaki duelako".

Ildo berean, Espainiako Gobernuak erakutsi duen jarrera "ahula" dela adierazi du. Erabakitzeko eskubidean Konstituzioan tokia izan behar duela erantsi du.

"Demokrazia badago, erabakitzeko eskubidea badago, eta demokraziarik ez badago, Konstituzioa aldatu beharko da; eskubideak badira eta ez dira negoziatzen, eskubide hori nola gauzatu behar den da negoziatzen dena", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea