Politika -

Hil-kapera

Madrilek azken omenaldia egin dio Adolfo Suarezi, Cibeles Plazan

11:00etan, azken agurra emango diote eta gorpua Avilara eramango dute. Katedralean ehortziko dute, gaur arratsaldean, emaztearen gorpuaren ondoan.

Estatu ohoreak Suarez agurtzeko

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

30.000 bat lagunek azken agurra eman diote Adolfo Suarez Espainiako Gobernuko presidente ohiari, Madrilgo Kongresuan 24 orduz ireki duten hil-kaperan.

07:00etan ireki dute berriro Adolfo Suarez Espainiako Gobernuko presidente ohiaren hil-kapera, ordu batzuez itxita egon ondoren, azken agurra eman nahi dioten herritar guztientzat. 10:00ak arte egon da zabalik.

Ondoren, goizeko 11:00etan, hil-kutxa Cibeles Plazara oinez eraman dute, eta armada, senideak eta agintariak atzetik joan dira Neptuno Plazatik eta Prado Pasealekutik.

Espainiako bandera bat gainean zuela, hil-kutxa Kongresuko ate nagusitik atera dute (oso kasu gutxitan zabaldu dute ate hori). Behin eskailerak jaitsita, Espainiako himnoa entzun eta herritarrek txaloz jaso zute Adolfo Suarezen hil-kutxa.

Segizioa, Cibeleserako bidean. EiTB

Eguerdian, Madrilek azken agurra eman dio presidente ohiari eta hil-kutxa Avilara eraman dute. Katedralean ehortziko dute, gaur arratsaldean, emaztearen gorpuaren ondoan.

Bart, goizaldean, 02:00etan itxi dute hil-kapera, familiak eskatuta eta atseden hartzeko helburuarekin. Parlamentuko iturriek jakitera eman dutenez, orduko 2.000 herritar sartu dira gauean zehar hil-kaperara.

Itxi aurretik, Miguel Angel Revilla Kantabriako presidente ohia, Arturo Fernandez Madrilgo enpresa-buruen presidentea edota Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordea izan dira hil-kaperan.

Atzo goizean heldu zen Suarezen gorpua Madrilgo Diputatuen Kongresura. Estatuko erakundeetako agintari gorenek, bi Ganberetako presidenteek eta bizirik dauden Espainiako Gobernuburu guztiek egin zioten harrera.

Espainiako errege-erreginek zabaldu zuten hil kapera eta Karlos III.aren ordenaren domina jarri zioten Suarezi, Estatuak ematen duten kondekorazio zibil gorena.

Diktaduraren ondorengo lehenengo presidentea gogoratzeko Estatu-hileta astelehenean egingo dute, Madrilgo Almudenako katedralean.

Urkullu ere bai hiletan

Iñigo Urkullu lehendakaria ere presidente ohiaren omenez datorren astelehenean, martxoaren 31an, Madrileko Almudenan egitekoa den Estatu hiletan izango da, Jaurlaritzatik informatu dutenez.

Gainera, iturri horien arabera, gaur ez da Jaurlaritzaren ordezkaririk egon Diputatuen Kongresutik abiatutako eta Cibeles Plazan bukatu den segizioan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea