Politika -
Adolfo Suarez hil da
PSEk, EAJk eta PPk Suarezen lana goratu dute
Sortuk errespetua adierazi du baina, nabarmendu duenez, Suarezek "demokraziaren haustura saihesteko erreforma bultzatu zuen, Euskal Herria berezko nortasuna duen herria izatea ukatzeko".
Erredakzioa
Adolfo Suarez gaur zendu den Espainiako presidente oiharen lana nabarmendu dute euskal politikariek. Suarezek "demokraziari egindako ekarpena" ekarri dute gogora.
Izaskun Bilbao EAJko euro-parlamentariak, berriz, Suarezek Kontzertu Ekonomikoaren berreskuratzean egindako lana nabarmendu du. "Ausarta izan zen", esan du buruzagi jeltzaleak. Andoni Ortuzarren hitzetan, Adolfo Suarezen "moduko politikari gehiago egongo balitz, espainiar Estatua, euskal herritarrak eta kataluniarrak hobeto egongo lirateke".
Pernando Barrena Sortuko ordezkariak errespetua adierazi du baina, nabarmendu duenez, Adolfo Suarez Espainiako Gobernuko presidente ohiak "demokraziaren haustura saihesteko erreforma bultzatu zuen, horrela Euskal Herria berezko nortasuna duen herria, bere etorkizunaren jabe, izatea ukatzeko".
Patxi Lopez PSEko buruak twittereko bere kontuan publikatu duenez, Suarezek "frankismoa desmuntatu zuen eta demokraziarako bidea zuzendu zuen". Lopezen hitzetan, "denok gaude zorretan berarekin".
Laura Garrido euskal popularren bozeramaileak ere Suarez "demokraziarako bidegilea" izan zela esan du. "Gure historian ezinbesteko lana egin duen gizona", gaineratu du.