Politika -

Heriotza

Adolfo Suarez, Trantsizioko presidentea hil da

Francoren diktadura osteko lehen Espainiako presidentea izan zen. Astelehenean ospitaleratu zuten, eta atzo haren osasun egoerak txarrera egin zuen.

Adolfo Suarez diktadura osteko Espainiako lehen presidentea hil da. Argazkia: EFE
Adolfo Suarez diktadura osteko Espainiako lehen presidentea hil da. Argazkia: EFE
Agintari ugarik agurtu du Suarez

1:32

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adolfo Suarez Espainiako presidente ohia hil da Madrilen, 81 urterekin, Suarez familiaren bozeramaileak igande honetan jakinarazi duenez.

Suarez familiaren bozeramaile lanak egin dituen Fermin Urbiolak 15:14an iragarri du Adolfo Suarezen heriotza.

"Familiak hala eskatuta Adolfo Suarez hil dela jakinarazten dizuet. Eskerrik asko zuen maitasunarengatik", adierazi die Fermin Urbiolak Madrilgo Cemtro klinikan bilduta zeuden kazetariei.

Urbiolak hunkituta eta urduri hitz egin du eta bi alditan errepikatu behar izan du mezua: lehena telebistako kameren aurrean, eta bigarrena, klinikaren atarian zeuden kazetarien aurrean.

Astelehenaz geroztik ospitaleratuta zegoen biriketako infekzio batek jota, eta atzo "okertze neurologiko azkarra" jasan zuela iragarri zuten medikuek.

Ostiralean Adolfo Suarez Illanak, Espainiako presidente ohiaren semeak, Suarezen heriotza berehalakoa zela ohartarazi zuen. Geroztik, hainbat hedabideetako kazetarik ospitalearen atarian zaintza egin dute heriotzaren albistearen zain.

Adolfo Suarezen hil-kapera Espainiako Diputatuen Kongresuan jarriko dute eta 24 orduz irekita egongo da. Halaber, estatu hileta egingo diote Espainiako presidente izan zenari. L

Espainiako Juan Karlos erregeak Adolfo Suarezen heriotzaren berri izan eta minutu gutxira mezua zabaldu du Errege Etxearen webgunean. Espainiako erregearen esanetan, Adolfo Suarez eredu izan zen, "hark erakutsi zuen bat eginda espainiarrak zailtasun handiak gainditzeko gai direla, eta elkartasunaren bidetik guztiontzat etorkizun hobea lortzea posible dela".

"Gaixotasunaren okertzea"

Pedro Guillen Cemtro klinikak zuzendariak eta Isabel de la Azuela medikuak prentsaurrekoa eskaini dute 16:00etan Adolfo Suarezen heriotzaren nondik norakoen berri emateko.

Azuelaren esanetan, Adolfo Suarez Espainiako presidente ohia 15:03an hil da Madrilgo Cemtro klinikan "gaixotasun neurologikoak okerrera egin ostean".

Suarez astelehenean ospitaleratu zuten pneumoniak jota, eta "prozesu neumologikoak hobera egin badu ere, Suarezen gaixotasun neurologikoak okerrera egin du, harik eta hil den arte", Cemtro klinikak argitaratutako oharraren arabera.

Suarez 81 urterekin hil da biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoaren ondorioz (BGBK), azken urtean pairatzen ari zen Alzheimer gaixotasunaren testuinguruan. "Hori da gaixotasunaren eboluzio naturala", gaineratu du. Inoiz ez diotela ezohiko neurririk aplikatu nabarmendu du, eta "gaixoak zuen muga neurologikoa kontuan izanda tratamendu kontserbadorea jarraitu dugu".

"Uneoro Suarez eroso egon da aplikatu diogun tratamenduarekin, eta haren beharren arabera egokitzen joan gara", azaldu du. Gaineratu duenez, "azken unera arte lasai eta senideez inguratuta egon da, eta bizi kalitate ona izan du".

Adolfo Suarezen azken orduez galdetuta, Suarezen albotik inor ez dela mugitu adierazi du Guillenek. "Familia osoa: bilobak, anaiak, ilobak, guztiak egon dira haren alboan hasiera-hasierati. Gizon horrek familiaren berotasuna eta gertutasuna jaso du", nabarmendu du.

Cemtro klinikako zuzendariak adierazi duenez, "ohore" bat izan da Adolfo Suarezen gisako gizon ospetsu bat artatzea. Halaber, eskerrak eman dizkio Suarezen familiari klinikarengan konfiantza izateagatik, eta Isabel de la Azuela medikuaren "eraginkortasuna eta lana" goraipatu ditu.

Espainiako Gobernuak hiru dolu egun ezarri ditu

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak hiru dolu egun iragarri ditu Adolfo Suarezen heriotza dela eta. Azaldu duenez, astelehenean argitaratutako dute erabakia Estatuko Aldizkari Ofizialean.

Espainiako presidentea kazetarien aurrera agertu da 16:00etan Monkloa Jauregian, eta hitzaldi labur batean Adolfo Suarez goraipatu du. Azaldu duenez, "Suarez izan zen Trantsizio garaian espainiarren arteko elkargune onena, beti ere Juan Carlos erregearen eskutik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea