Politika -
Bilboko alkatearen heriotza
Iñaki Azkunaren gorpua erraustu dute ekitaldi xume eta pribatu batean
Igandean, errautsak Durangora eramango dituzte eta ekitaldi pribatua egingo diote. Espainiako Errege Etxeak lore koroa bat bidali du eta Felipe printzeak hileta elizkizunean parte hartuko du.
Erredakzioa
Iñaki Azkuna ostegunean hildako Bilboko alkatearen gorpua gaur, larunbata, erraustu dute Derioko hilerrian, familia eta lagun artean, ekitaldi xume, intimo eta pribatu batean. Bihar, Durangora eramango dituzte errautsak , alegia, bere jaioterrira.
Errausketa goizean egin dute, eta senideek eta ingurukoek baino ez dute parte hartu. Halaber, senideen alboan izan dira Iñigo Urkullu, Jose Antonio Ardanza eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariak, Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea eta Ibon Areso Bilboko alkate berria.
Azkunaren heriotzaren ostean, gorpua Begoñako tanatoriora eraman zuten eta geroztik bertan egon da. Gaur 09:15ean atera dute Azkunaren gorpua tanatoriotik hileta auto batean, alboetan bi lore koroa zituela, horietako bat Espainiako Errege Etxeak bidalitakoa.
Bilboko bandera Azkunaren zerraldoaren gainean zegoela, sei lagunen artean eraman dute gorpua krematoriora, horien artean zeuden Andoni Aldekoa udaleko delegatua eta Jose Luis Sabas zinegotzia.
Igandean, Bilboko alkatearen errautsak Durango herri bizkaitarreko kanposantura eramango dituzte, alkatearen inguruko iturriek jakinarazi dutenez. Iñaki Azkuna herri horretan jaio zen.
Hileta-elizkizuna Santiagoko katedralean egingo dute astelehenean 12:00etan, eta Espainiako Felipe printzea bertan izango da.
Areso, alkate berria
Ibon Areso Bilboko alkateordeak hartuko du Iñaki Azkunaren tokia, 2015eko udaberrian udal hauteskundeak egiten diren arte.
Izan ere, jeltzaleek urriaren 7an ekingo diote Bilboko alkatetzarako hautagaia izendatzeko prozesuari.
Ibon Areso jarduneko alkatea izan da, Azkuna gaixotasunak jota egon denean. Horrez gain, Bilboko zinegotzi beteranoena da, zazpi legealdi eman baititu Udal Gobernuan.