Politika -
35/02 sumarioa
'Herriko tabernen' sumarioa salatzeko ia 400 sinadura bildu dituzte
"Zuzenbide penala erabiliz, legez kanpo dauden alderdietako buruzagien eta aniztasun politikoaren aurka" egiten ari direla salatu du abokatu, unibertsitateko irakasle eta kazetari talde batek.
Erredakzioa
17 abokatuk, unibertsitateko irakaslek eta kazetarik osatutako talde batek ia 400 sinadura bildu ditu 'herriko tabernen' kontrako 35/02 sumarioa salatzeko. Ahozko epaiketa duela gutxi egin zuten Auzitegi Nazionalean.
Felix Cañada, Txema Montero eta Nazario Oleaga abokatuek, Pedro Ibarra Zientzia Politikoetako katedradun erretiratuak, Rafa Sainz de Rozas Zuzenbide Penaleko irakasleak eta Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak prentsaurrekoa eman dute Bizkaiko Abokatuen Elkargoaren egoitzan.
Epaiketa "sekula ez zuten egin behar izan, justizia auzitegien erabilpen politikoaren adibide argi bat da; egilearen zuzenbide penala aplikatu dute, etsaiaren zuzenbide penala alegia, nahiz eta Auzitegi Gorenak (20/07/2006 sententzia) zuzenbidezko Estatu demokratiko batean lekurik ez duela erabaki", azaldu du Felix Cañadak agerraldian.
"Aniztasunari eraso egiten ari dira"
Cañadaren hitzetan, "ETAren finantziazio operazio konkreturik ezin izan dute frogatu; zuzenbide penala erabiliz, legez kanpo diren alderdietako buruzagien eta aniztasun politikoaren aurka egiten ari dira".
Era berean, "ideiak kriminalizatzen" ari direla salatu du; izan ere, "akusatuen eta erakunde terroristaren arteko loturarik ezin izan dute demostratu".
Horregatik, "epaiketa politiko gehiago ez egitea" eskatu du Cañadak. Abokatuaren esanetan, "epaiketa politikoek bakearen etsaiei mesede egiten diete; 'arerioaren zuzenbide penalaren' aplikazioak desagertu behar du, justiziaren inpartzialtasunari kalte bakarrik egiten diolako; aniztasun politikoa, ideologia eta adierazpen askatasuna eta biltzeko eskubidea errespetatu behar dituzte, elkarbizitza demokratikorako oinarriak finkatzeko".