Politika -
Udalbiltza
Euskal hiritartasuna bultzatzeko ekimenak abian jarri ditu Udalbiltzak
Udaletan euskal ikurren erabilera sustatzeko neurriak hartu ditu eta euskal hiritartasuna frogatzen duen agiri nazionalaren izapideekin jarraitzen du.
Erredakzioa
Udalbiltza Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarrak euskal hiritartasuna bultzatzeko ekimenak martxan jarri ditu dagoeneko. Hala, udaletan euskal ikurren erabilera sustatzeko "papertegiko materiala, seinaleak eta irudi korporatiboa" jarriko ditu udalen eskura, eta euskal herritartasuna frogatzen duen agiri nazionala lortzeko izapideekin jarraitzen du.
Otsailean Udalbiltzak Ordizian egin zuen batzarrean onartu zuen euskal hiritartasunaren lan-ildoarekin hastea, eta aurreko ostiralean Udalbiltzako 'Nazio Gobernuak' erabakia berretsi eta adierazpen bat onartu zuen.
Asteazken honetan adierazpen horren nondik norakoak azaldu dituzte kazetarien aurrean Juan Karlos Izagirrek eta Igor Egurenek, hurrenez hurren, Donostiako eta Ordiziko alkateek eta Mertxe Aizpurua Usurbilgo alkate eta Udalbiltzako presidenteak. Halaber, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eta Nafarroako beste hainbat hautetsik ere parte hartu dute gaurko agerraldian.
Azaldu dutenez, Udalbiltzak Euskal Hiritartasuna eta Euskal Herriaren aitorpena bultzatuko ditu hainbat ekintzaren bitartez. Hala, "papertegiko materiala, seinaleak eta irudi korporatiboa" jarriko ditu udalen eskura euskal nazioaren existentzia irudikatzeko, eta beste hainbat "tresna" eskainiko ditu hiritarrek beren identitatea modu publikoan eta agerian adierazteko aukera izan dezaten.
Udalbiltzak euskal hiritartasuna frogatzen duen agiri ofiziala sortzeko lanean jarraitzen du, zehazki, izapideak egiten ari da "horren erabilera eta bideragarritasuna bermatzeko".
Bestalde, interneten eus domeinuaren erabilera bultzatuko du, bai udalen webguneetan eta baita alor pribatuan ere.