Politika -

Justizia unibertsala

Manos Limpiasek Pedraz salatu du Couso auzia ez artxibatzeagatik

Sindikatuak salaketa bat aurkeztu du Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren aurrean. Pedrazen esanetan, justizia unibertsalaren erreformak Genevako laugarren Hitzarmena urratzen du.

Jose Couso, Iraken hil zuten kameralaria. Argazkia: EiTB
Jose Couso, Iraken hil zuten kameralaria. Argazkia: EiTB
Jose Couso, Iraken hil zuten kameralaria. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Manos Limpias sindikatuak salaketa aurkeztu du astezken honetan Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren aurrean Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epailearen aurka, "legearen kontra", Jose Couso kameralariaren auzia artxibatzeari uko egiteagatik.

Auzitegi Nazionaleko epaileak bere autoan dioenez, Justizia Unibertsalaren erreformak Genevako laugarren Hitzarmena urratzen du; izan ere, gatazka armatuetan izaten diren heriotzak (kazetariena barne) ikertzea agintzen du hitzarmen horrek.

Horrenbestez, Cousoren auzian justizia unibertsala erregulatzen duen Botere Judizialeko Lege Organikoaren 23. artikulua ez aplikatzea erabaki du Pedrazek.

Manos Limpias sindikatuaren iritziz, "epaileak zalantzak baldin baditu konstituzio-kontrakotasuneko helegitea aurkeztu beharko zukeen. Beraz, kontzienteki legearen kontra egin du edota ezjakintasunez jokatu du".

"Gisa horretako jokabideek kalte larria egiten die justiziaren sinesgarritasunari, hain zuzen ere, Zuzenbide Estatuaren bermea izan behar duten horiek legea urratzen dutenean", gaineratu du.

"Pedrazek bere lana egin du", Cousoren familiaren arabera

Manos Limpias sindikatuak Santiago Pedraz Couso auziko epailearen kontra jarri duen salaketa hizpide izan du David Cousok, 2003ko apirilaren 8an Iraken hil zuten Jose Couso kameralariaren anaiak, ETB-2ko 'ETB Hoy' saioan.

Sindikatuak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren aurrean salaketa aurkeztu du Pedraz epailearen aurka, Couso auzia ez artxibatzeagatik. David Cousok ez du ulertzen Manos Limpiasen salaketa, "epaileak bere lana egin du eta nazioarteko hitzarmenak errespetatu baititu".

Cousoren familiak kazetarien bitartez izan du Manos Limpiasen salaketaren berri.

Alfonso Alonso eta Carlos Floriano buruzagi popularrek Pedraz epailearen erabakiaren harira esandakoak gaitzetsi ditu David Cousok. Izan ere, Pedrazen erabakia haren kolore politikoaren ondorioa zela adierazi zuten biek ala biek. Erabaki judizialak errespetatzeko eskatu die David Cousok politikariei, "baita erabakia beraien interesekoa ez denean ere". "Dirudienez, erabaki judizialak beraien interesekoak ez direnean artilleria martxan jartzen dute", gaineratu du. Beraz, Botere Judiziala presionatzeari uzteko, eta botereen banaketa eta epaileen independentzia errespetatzeko eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak albisteak Justizia Unibertsala bideoak Espainia bideoak Salaketak bideoak Sindikatuen azken ordukoa