Politika -

Justizia unibertsala

Cousoren hilketaren auzia artxibatzearen aurka egin du Pedraz epaileak

Epailearen arabera, Alderdi Popularrak bultzatutako justizia unibertsalaren erreformak Genevako laugarren Hitzarmena urratzen du.

Jose Cousoren hilketaren auzia artxibatzearen aurka agertu da Santiago Pedraz epailea.
Jose Cousoren hilketaren auzia artxibatzearen aurka agertu da Santiago Pedraz epailea.
Pedrazek uko egin dio Cousoren auzia artxibatzeari

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santiago Pedraz epaileak uko egin dio Jose Couso kamerariaren hilketaren auzia artxibatzeari, justizia unibertsalaren erreforma indarrean sartu arren.

Auzitegi Nazionaleko epaileak bere autoan dioenez, justizia unibertsalaren erreformak Genevako laugarren Hitzarmena urratzen du; izan ere, gatazka armatuetan izaten diren heriotzak (kazetariena barne) ikertzea agintzen du hitzarmen horrek.

Horrenbestez, Cousoren auzian justizia unibertsala erregulatzen duen Botere Judizialeko Lege Organikoaren 23. artikulua ez aplikatzea erabaki du Pedrazek.

Jose Couso 2003ko apirilaren 8an hil zuten Iraken. Familiak kereila bat aurkeztu zuen Auzitegi Nazionalean AEBko hiru militarren aurka. Espainiako Justiziak lau aldiz eskatu du aipatu militarrak Espainian epaitu ahal izatea.

Auzitegi Nazionaleko iturrien arabera, badirudi justizia unibertsalaren erreforma indarrean egon arren, auzien artxibatzea ez dela berehalakoa izango. Instrukzioko epaileek alegazioak aurkezteko aukera emango die kasu bakoitzeko aldeei, segurtasun juridikoa bermatzeko asmoz.

Beste auzi batzuk ere bai

Pablo Ruz epaileak ere era berdintsuan jardun da, eta bere Auzitegian martxan dauden justizia unibertsaleko bost  auzien aldeei zuzendu zaie, artxibatzeko ala ez.

Bost auziok honako hauek dira: Guantamoko ustezko torturak lau preso ohiri; Txileko diktaduran, 1979, Carmelo Soria diplomatiko espainiarraren bahiketa eta erailketa; Saharako genozidioa; Fronte Polisarioko 28 kideri egindako torturak eta Gazara zihoan Askatasunaren Ontzidia.

Ruz eta Pedraz baino lehen, Eloy Velasco epailea berak lan egiten duen Auzitegiko auzietako aldeei zuzendu zitzaien; Velascok El Salvadorreko 20 militar auzipeturik ditu, sei jesuita, tartean Ignacio Ellacuria, 1989an El Salvadorren hiltzeagatik.

Terrorismo delituengatik martxan dauden 14 auziek baliteke artxibatzea saihestu ahal izatea ,Auzitegi Nazionalean.

Besteak beste, Ruandako genozidioa eta Ainhoa Fernandez eta Enric Gonyalons GKEetako boluntarioen bahiketak, Al Qaedaren eskutik, eta Sirian Marc Marginedas kazetariaren bahiketa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Ameriketako Estatu Batuak albisteak Justizia Unibertsala bideoak Espainia argazkiak