Politika -

Katalunia

Mas: 'Ez dut baztertu aldebakarreko independentzia adierazpena egitea'

Generalitateko buruak deitoratu egin du Madrilekin hitz egitea posible ez izatea, baina, esan duenez, behin horraino helduta, "atzera egitea ez da aukera bat, sekulako akatsa litzateke".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Mas Generalitateko presidenteak azaldu duenez, baliteke "aldebakarreko independentzia adierazpena" egitea, baina nabarmendu du ez dela aukerarik gogokoena.

"Aldebakarreko independentzia adierazpena ez da esparrurik egokiena, ez txarrena, ez nahi duguna, baina ezin dugu % 100ean baztertu; izan ere, ukazioa hain larria da, ezen indarra galduko baikenuen", esan du El Periódico de Cataluña egunkariak hamar herritarrekin antolatutako topaketa batean.

Masen esanetan, burujabetzarako prozesua ez da elkarbizitza hausten ari Katalunian, "existitzen direla ukatzea bezalakoa litzatekeelako. Elkarbizitzarako, boza ematea ez da arriskutsua; boza ez ematea, bada".

Generalitateko buruak deitoratu egin du Madrilekin hitz egitea posible izatea, baina, esan duenez, behin horraino helduta, "atzera egitea ez da aukera bat, sekulako akatsa litzateke".

Generalitateko presidenteak gogoratu duenez, bere bide orriaren arabera, behin adostutako erreferenduma baztertuta dagoenean, galdeketak egiteko legea egin beharko dute eta Estatuak helegitea aurkeztuz gero, erabakiko du "hauteskundeen aukera erabiltzea, aurreratuak izan litezkeelako".

Cospedal: 'Ez dugu onartuko'

Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak adierazi duenaren arabera, Artur Mas Generalitateko presidenteak Kataluniako independentziari buruz egindako adierazpen batzuk "arduragabeak eta arriskutsuak" dira.

"Lasaitasun eta segurtasun" mezu bat eman nahi izan die Cospedalek "espainiar eta kataluniar guztiei" PPk Gaztela-Mantxan egin duen batzarraren amaiera ekitaldian. Horrela, idazkari nagusiak esan duenez, PP agintean dagoen eta Europan alderdi sendo bat den bitartean, "Espainiako batasuna eta osotasuna bermatuta daude".

"Espainiar guztiei esan behar diegu ez dugula onartuko inork kataluniar bati espainiarra izateko eskubidea kentzea", aldarrikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea