Politika -
Bilboko alkatea, larri
Iñaki Azkunak okerrera egin du
Bizkaiko EAJk premiazko bilera egin du ostiral honetan, egoera aztertzeko. Bilboko alkateari minbizia atzeman zioten 2003an.
D.P./ E.A. | eitb.com
Iñaki Azkuna Bilboko alkatearen osasun egoerak okerrera egin du ostiral honetan, eta "larri" dago, EAJtik EiTBri baieztatu diotenez.
EAJren Bizkai Buru Batzarrak (BBB) premiazko bilera egin du, egoera aztertzeko. Bilera horretan, Bizkaiko EAJk ez du erabakirik hartu Azkunaren balizko ordezkoari buruz; militanteei alkatearen egoeraren berri emateko bildu dira.
Bilboko Udalak ez du zehaztu zein den Azkunaren egoera. Alkatea etxean dago.
Osasun arazoek hilaren hasieran Bilbon egindako goi-bilera ekonomikoan parte hartzea galarazi zioten. Horregatik, Juan Carlos I.a Espainiako erregeak bisita egin zion etxean.
Iazko uztailean ebakuntza egin zioten Azkunari, ezker giltzurruna kentzeko. Aldez aurretik, baina, beste hainbatetan pasatu zen ebakuntza-gelatik. Izan ere, 2003. urtean minbizia atzeman zioten, eta oraindik ere tratamenduan dago.
Munduko alkate onena 2012an
Iñaki Azkuna Urreta (Durango, 1943) Bilbok azken hamarkadetan izan duen zaharberritze ikusgarriaren aitetako bat da. Hori dela eta, 2012. urtean munduko alkate onena izendatu zuen City Mayors fundazioak.
Azkuna alkate kargurako lau aldiz hautatu duten gutxietako bat da, eta egun euskal erakundeetan gehiengo osoa duen agintari bakarra da.
Nortasun bereziko politikaria da, argi eta garbi hitz egiten duena. Askotan, gainera, EAJren ildo ofizialetatik aldendu da.
Adibidez, 1999. urtean, EAJk Lizarra-Garaziko ituna sinatu zuenean, ezker abertzalearekin akordiorik izenpetu ez zuen EAJko arduradun politiko bakarrenetakoa izan zen. Hain justu, ezker abertzailearekin enfrentamendu gogorrak izan ditu beti.
Osasun arazoak
2003. urtean minbizia atzeman zioten, eta oraindik ere tratatzen ari da. Horri, baina, gaixotasun gehiago gehitu zaizkio azkenaldian.
2012ko apirilean ospitaleratu egin zuten, eta hiru hilabetez egon zen bertan. Alta jaso ondoren, jendaurreko agerraldia egin zuen ekainaren 14an, Alkateen Nazioarteko Foroan. Hala ere, berriz ere erietxera jo behar izan zuen uztailean, giltzurrunean ebakuntza egiteko. Abuztuan eman zioten alta.
Irailean, ordea, infekzioak jota, erietxera eraman zuen. Zertxobait hobera egin eta jarduera publikoari neurri txikian ekin zion, mugikortasun arazoak tarteko.
Joan den hilean berriz ere itzuli zen Basurtuko Ospitalera, erorialdia izan eta hematoma baten ondorioz. Otsailaren 23an alta eman zioten eta ordutik etxean da Bilboko alkatea.