Politika -
Elkarrizketa ETB-n
Alza preso ohiak dio Langraiz eta Zaballa bideak 'berdinak' direla
'Langraiz bidea' hartu zuen ETAko preso ohiaren arabera, "orain onartu beharko dituzten gauzak guk onartutakoak baino askoz gogorragoak izango dira.
Manu Gimenez | eitb.com
Andoni Alza ETAko preso ohiak, 'Langraiz bidea'ri esker libre geratu zenak, azpimarratu du berak hartutako bidea eta orain EPPK-k hartu duena "berdinak" direla, baina presoek ez dutela hori onartuko.
Andoni Alza 2010ean atera zen kartzelatik, 25 urte preso egon eta gero, eta ETAren jarduerarekin ados ez zegoela eta, EPPKren irizpideei ez jarraitzea eta 'Langraitz bidea' hartzea erabaki zuen.
Alzak ETB1eko 'Debatea' saioan azaldu duenez, EPPK-k kartzelako legedia onartzeko erabakia hartuta, "guk egindako bidetik ari dira orain, baina ez dute esango, eta dagoeneko hasi dira esaten ez direla berdinak".
Preso ohiaren esanetan, "beste irtenbiderik ez zegoela ikusi dutelako hartu dute orain bide hau, ez nahi izan dutelako".
Gainera, presoek "orain onartu behar dituzten gauzak guk ('Langraiz bidea' hartu duten presoek) onartutakoak baino askoz gogorragoak izango dira", Alzaren ustez.
"Horiek egiten dituzten urratsen arabera, talde politikoek errazago izango dute bide horretan laguntzea edo beste era bateko neurriak aplikatzea eskatzea. Baina gauzak dauden bezala, eta borroka armatua ezer lortu gabe amaitu ostean, presoen arazoak presoei dagokie konpontzea", azaldu du Alzak.
"Garbi dago nire kasuan garaiko desadostasunak izan zirela mugarri. Gaurko presoentzat zailena errealitatea onartzea izango da: min asko, urte asko, eta dena alperrik", adierazi du ETAko preso ohiak.