Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

PSNren sinesgarritasuna kaltetu dela aitortu du Cerdanek

"Europako hauteskunderik gabe errazago izango genuen", esan du. PSNko Antolakuntza idazkariaren hitzetan, beharbada ez dira gai izan Nafarroako egoera Madrilen azaltzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santos Cerdan PSNko Antolakuntza idazkariak aitortu du Barcinaren zentsura-mozioaren ingurukoen ondorioz PSNren sinesgarritasuna kaltetu dela, eta hauteskundeen aurreko egoerak beharbada eragina izan duela. "Europako hauteskunderik gabe errazago izango genuen", esan du Radio Euskadiko "Ganbara" saioan.

Ildo horretan, Cerdanek uste du "presio mediatikoa" ulermen ezari gailendu zaiola. "Ebrotik behera gauzak beste modura batera ikusten dira. Agian kale egin dugu gauzak azaltzen", gaineratu du.

PSNko Antolakuntza idazkariak azaldu duenez, ziur ziren Nafarroako Batzordeak hartu behar zuela azken erabakia. Edonola ere, PSOErekin etengabeko komunikazioa zutela azpimarratu du. "Estatu mailako alderdia gara eta erabakiak onartzen ditugu, horiekin ados egon ez arren", azaldu du. Hala, Cerdanek esan du Ferrazi kostatu egin zitzaiola erabakia hartzea. "Eztabaida handia egon zen", erantsi du.

Desengainua hartu duela agerian utzi du, baina oraingo hau PSNren bukaera ez dela azpimarratu du. "Ibilbide berria ezarri behar dugu. PSNk sinesgarritasuna eta batasuna berreskuratu behar ditu", adierazi du.

Yolanda Barcinari babesik emango ote dioten galdetuta, PSNko ordezkariak baztertu egin ditu aldez aurretiko akordioak: "Kontu zehatz batzuetan bat egin dezakegu, baina aldez aurretiko akordioak beste gauza bat dira".

Nafarroan hauteskundeak deitzeko aukeraren inguruan, berriz, Cerdanek uste du zaila dela. "Barcinari erantzukizuna eskatu diogu. Izan dezala kontuan Nafarroako ekonomia", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea