Politika -
Urteurrena
Iruñeak Angel Berrueta gogoratu du, aitortza eskatuz
Iruñeko Donibane auzoko senide eta lagunek Berrueta gogoratu dute, omenaldi bero batean "Angel, gogoan zaitugu" zioen plaka bat jarrita hil zuten okindegiaren parean.
Erredakzioa
Gaur 10 urte bete dira Angel Berrueta okin eta Gurasoak elkarteko kidea hil zutenetik, Madrilen M-11ko atentatuak izan eta bi egunera. Polizia nazional batek eta haren semeak hil zuten Berrueta.
Iruñeko Donibane auzoko Berruetaren senideek omenaldi beroa eskaini diote, okindegiaren atarian. Berruetarentzat "egia, aitortza eta erreparazioa" aldarrikatu dute, Espainiako Poliziak eta haren semeak erail eta hamar urtera. Plaka bat jarri dute, "Angel, gogoan zaitugu" irakur zitekeen bertan. "Ahazteak eta ez aitortzeak ez du ekarpenik etorkizunera begira", adierazi dute.
Ehunka pertsona bildu dira omenaldian, Mari Carmen Mañas Berruetaren alarguna eta hiru seme-alabak tartean. Conchi Sanchisen senideak ere bertan zeuden. Sanchis Angel Berruetari elkartasuna adierazteko manifestazio batean hil zen, Hernanin, bihotzekoak jota, Poliziaren oldarraldi batean.
Bestalde, senideek kritikatu dutenez, epaiketan hilketaren motibazio politikoa onartu bazen ere, erakundeek ez diote horrelakorik aitortu Berruetaren familiari. Mari Carmen Mañas alargunak "lehen eta bigarren mailako biktimak" daudela salatu zuen.
Gobernuak ez du Berruetari aitorpenik egitea aurreikusi, baina hilketa gaitzetsi du
Nafarroako Gobernuak ez du aurreikusi inolako ekitaldirik egitea Angel Berrueta aitortzeko, baina hilketa "gaitzetsi" du.
Patxi Zabaleta Aralarreko bozeramaileak Legebiltzarrean esan duenez, Berrueta "motibazio politikoaren indarkeriaren biktima" izan zen.
Halaber, hilaren 26an 1936ko "altxamendu faxistaren biktima" izan ziren langile publiko eta kargudun politikoen oroimenez plakak jartzeko legezko epea amaituko dela gogoratu du, eta, azaldu duenez, "ez litzateke berdintasun keinu bat izateko aukera txarra izango motibazio politiko guztien biktima guztientzako".
Planteamendu horri erantzunez, Javier Morras Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak adierazi du Nafarroako Gobernuak hilketa hori "gaitzetsi eta errefusatu" egiten duela, eta hildakoaren senideei "errespetua eta elkartasuna" adierazi dizkie.