Politika -

'Herriko tabernen' epaiketa

'Herriko tabernen' auzia ixtearen alde, Amaiur, ERC, BNG eta EAJ

Amaiurrek, ERCk eta BNGk bat egin dute Kongresuan, auzipetu guztien absoluzioa eskatzeko. EAJk ere auzia ixtea eskatu du, bakegintza prozesuaren mesedetan.

Amaiurrek, ERCk eta BNGk agerraldia bateratua egin dute Diputatuen Kongresuan.
Amaiurrek, ERCk eta BNGk agerraldia bateratua egin dute Diputatuen Kongresuan.
Amaiurrek, ERCk eta BNGk makroepaiketa bertan behera uztea eskatu dute

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amaiurrek, Esquerra Republicanak (ERC) eta Bloque Nacionalista Galegok (BNG) adierazpen bateratua egin dute Diputatuen Kongresuan, 35/02 makroepaiketan auzipetuta dauden ezker abertzaleko 30 bat militanteri babesa helarazteko eta 'herriko tabernen' auzia deitutakoa ixtea eskatzeko.

Beheko Ganberan egindako agerraldian, prozesu judiziala baliogabetzeko, auzipetuak absolbitzeko eta auzia ixteko eskatu dute. "Pertsona horiek guztiak libre geratzea nahi dugu", esan dute.

'Herriko tabernen' aurkakoa epaiketa "politikoa" izan dela salatu dute eta gisa horretako epaiketa guztiak amaitu egin behar direla azpimarratu dute.

Ildo berean, aniztasun politikoa "baldintzarik gabe" errespetatu behar dela adierazi dute. Elkartzeko eskubidea, adierazpen askatasuna eta askatasun ideologikoa oinarrizko eskubideak izateaz gain, "elkarbizitza demokratikorako oinarri sendoak" direla gogoratu dute.

"Terrorismoaren kontrako estrategiari eutsi nahi izatea, Euskal Herriaren etorkizuna eraikitzearen aurkako eraso zuzena da eta bakearen eta askatasunaren bidean aurrera egitea oztopatzen du, frustrazioa eragiteaz gain", salatu dute.

Epaiketa hori "garaiz kanpo" dagoela eta justizia "aro berri baterako trantsizio garaian" gaudela kontuan hartuta aplikatu behar dela iritzi diote.

Epaiketan ekintzak eta bitartekoak epaitu beharrean, "helburu politikoak eta jarduera politikoa" epaitu direla kritikatu dute.

ERCko Joan Tardak elkartasuna adierazi die auzipetu guztiei eta "epaiketa politiko honen bitartez euskal herritarrak beren ideologiagatik kriminalizatu" nahi direla salatu du. Normalizazio politikoa lortzeko, erabakitzeko eskubidea aitortzea ere eskatu du Tardak.

Rosana Perez BNGko diputatuak esan du bere alderdiak bakegintzan laguntzeko ekimen guztiak babestuko dituela eta gaineratu du 'herriko tabernen' kontrako makroepaiketak ez duela bide horretan laguntzen. Gauzak horrela, Espainiako Gobernuari urratsak emateko eta bakea lortzeko bitartekoak jartzeko eskatu dio.

EAJk auzia ixtea eskatu du, bakegintzan aurrera egiteko

EAJren zuzendaritzak 'herriko tabernen' auzia "behin betiko" ixtea eskatu du eta kasua artxibatzeak bakegintzan aurrera egitea suposatuko lukeela nabarmendu du.

"Auzi hori inoiz ez zen ireki behar izan, akusazioak ahulak direlako, eta inputazioak eta frogak oinarririk gabekoak", adierazi du EAJk agiri baten bitartez.

Prozesu judiziala "dena ETA da" teorian oinarritzen dela eta Zuzenbidearekin zerikusirik ez duten "irizpide politikoen" ondorioz ireki zela kritikatu du.

"Epaiketa inpultsu politiko baten oinarritzen da eta salbuespeneko irizpideak erabilita, konponbidea eta elkarbizitza bideratzea oztopatzen da", nabarmendu dute.

Amaitzeko, EAJk oharren gogoratzen du ETAren indarkeria amaitu den aro batean gaudela eta euskal gizarteak bakea behin betikotzea eskatzen duela.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea