Politika -

'Herriko Tabernen' auzia

Akusatuak: 'Zigor batek bakerako itxaropena zapuztuko luke'

Gaur amaitu da ‘Herriko Tabernen’ auziko epaiketa eta, akusatu guztien izenean, Floren Aoizek adierazpen bat irakurri du Auzitegi Nazionalean.

Floren Aoiz: 'Ez da espetxeak betetzeko garaia' (gazteleraz)

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Herriko Tabernen' auziko balizko zigorrak bakea lortzeko “itxaropena" zapuztuko lukeela adierazi dute gaur auzi horretako 32 akusatuek. Horrez gain, Espainiar Estatuari “irtenbidearen eragile aktiboa izateko” gonbitea egin diote, epaiketaren azken saioan.

Gaur amaitu da ‘Herriko Tabernen’ auziko epaiketa eta, akusatu guztien izenean, Floren Aoizek adierazpen bat irakurri du Auzitegi Nazionalean. Bost hilabeteko epaiketaren ondoren, epaiaren zain geratu da gaur ‘Herriko Tabernen’ auzia.

32 akusatuen izenean, Floren Aoizek esan du ez dela “espetxeak betetzeko garaia”, kartzelak husteko modua bilatzekoa baizik.

Gogoratu duenez, akusatuei ez diete indarkeria deliturik egotzi eta "dena ETA dela" dion teoriagatik epaitu dituztela gaineratu du. "Ez dago azpiegiturarik, hemen bakean bizi nahi dugun gizon eta emakume batzuk besterik ez gaude", gaineratu du. Horrez gain, epaiak "gatazkaren irtenbideari" lagun diezaiokeela nabarmendu du.

Epaiketa politikoekin "amaitzeko" eskatu du Aoizek eta arazo politikoak ezin direna "justizia auzitegietan konpondu" gaineratu du. "Euskal Herriaren independentzia defendatzea gure eskubidea da, inor ez da gai gure eskubide hori kentzeko". "Euskal Herria da gure ideiak epaitu behar dituena, eta Euskal Herriak dagoeneko hitz egin du. Euskal gizarteak ezker abertzalea epaitu du dagoeneko, eta inoizko babesik zabalena eman dio euskal erakudeetan".

Bost hilabeteko epaiketa

Urriaren 17an hasi zen epaiketa, Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Guztira, Batasuneko 32 kide eseri dira erruztatuen aulkian, ETAren finantziazioan Herriko Tabernen bidez parte hartzea leporatuta. Fiskaltzak lau urte eta erdiko zigorra eskatu du Joseba Alvarez, Joseba Permarch, Rufino Etxeberria, Juan Cruz Aldasoro eta Karmelo Landarentzat. Gainontzeko akusatuentzat 2 urte eta bi hilabeteko zigorra eskatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea