Politika -
Konfiantza erretiratuta
Jaurlaritzak dio EiTBren lidergoak agerian uzten duela bere kalitatea
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak oharra kaleratu du, PSE-EEk Maite Iturberi konfiantza erretiratzeko egin dituen adierazpenen ondoren.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren hitzetan, "EiTBk albistegien arloan berreskuratu duen lidergoak agerian uzten du Euskal Irrati Telebista Publikoak kalitatezko albiste-zerbitzua eskaintzen duela".
Cristina Uriarte buru duen sailak oharra kaleratu du astearte arratsaldean, PSE-EEk Maite Iturberi konfiantza erretiratzeko asmoa azalduz egin dituen adierazpenen ondoren.
Jaurlaritzaren esanetan, "Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak errespetuz hartzen ditu EiTB Taldeari eman zaion zerbitzu publikoaren kudeaketaz eta garapenaz herritarrek, alderdi politikoek nahiz beste edozein interes taldek izan ditzaketen iritzi edo balorazioak".
Halaber, azpimarratu egin du Euskal Irrati Telebista "erreferentzia" dela gaur egun komunikabideen sektore publikoan, "bereziki bere emaitza sinesgarriengatik, besteak beste, audientzietako lidergoan, hedabidearen prestigio sozialean, kontratazioen arloan legedia betetzeari dagokionez, eta euskal erakundeen aurreko gardentasunean eta haiekiko elkarlanean ere".
"Kudeaketaren gaineko konfiantzak eta datuek elementu objektiboak dituzte oinarrian; lortutako emaitzak, alegia. Emaitzok urtero auditoria independenteen bahea pasatu behar izaten dute, eta aldeko txostena jaso", gaineratu du Hezkuntza eta Kultura Sailak testuan.
Ildo horretan, Jaurlaritzak zera dio: "EiTBk badu jarraipenerako eta kontrolerako nahikoa organo, talde politikoek egoki ikusten dituzten kritika edo gomendioak bertan azaldu ditzaten. Horrela, bai EiTBren Administrazio Kontseiluak, bai Legebiltzarreko kontrolerako Batzordeak, zerbitzu honen jarduera guztien gaineko kontrol eraginkorra burutzeko aukera ematen dute".
Horri lotuta, Jaurlaritzak ohar horretan azpimarratu du "EiTBk albistegien arloan berreskuratu duen lidergoak agerian uzten duela Euskal Irrati Telebista publikoak kalitatezko albiste-zerbitzua eskaintzen duela".
"EiTBren zuzendaritzak Legebiltzarrak eman dion eginkizuna garatu behar du, euskal herritarren informaziorako eta parte hartze politikorako ezinbesteko tresna gisa jokatuz, euskal gizartearen interes orokorrari erantzunez, erabakiak zorroztasunez eta arduraz hartuz", gaineratu du.