Politika -
Madril
Biktimak bat eginda, M-11ko atentatuen hamargarren urteurrenean
Gogoan izango dituzte 191 hildakoak eta 1.800 zaurituak. Estatu-hileta elizkizunaren ostean, elkarte bakoitzak bere aldetik omenduko ditu biktimak.
Erredakzioa
Gaur egingo dituzte M-11ko atentatuen biktimak omentzeko ekitaldi nagusiak, eta 191 hildakoak eta 1.800 zaurituak gogoan izango dituzte Madrilgo Almudena katedralean egingo duten estatu-hileta elizkizunean.
Antonio Maria Rouco Varela Madrilgo kardinal artzapezpikuak zuzenduko du meza 10:00etatik aurrera, eta bertan izango dira Espainiako errege-erreginak.
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak, eta Gobernuko beste kide batzuk, eta Estatuko gainerako erakundeetako ordezkariek ere parte hartuko dute ekitaldian, terrorismoaren biktimen elkarte guztiekin batera. Azken horiek 2007tik lehenengo aldiz parte hartuko dute elkarrekin ekitaldian.
Kolektiboaren ordezkari nagusiak atzo ere elkartu ziren 365 biktima kondekoratzeko ekitaldian, Jorge Fernandez Diaz Barne ministro espainiarra buru izan zuen ekitaldian.
Almudenan elkartuko dira biktimen ordezkariak zazpi urtean lehen aldiz, Atochako tren-geltokiaren aldamenean monumentua inauguratu zutenetik lehenengoz.
Hala ere, hileta elizkizunaren ostean, elkarteek bakoitzak bere aldetik egingo dituzte omenaldiak. Hori horrela, Angeles Pedraza buru duen Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) Oroimenaren Basoan gogoratuko ditu biktimak, Retiro parkean, eta adierazpena irakurriko dute biktimen, egiaren, memoriaren, duintasunaren eta justiziaren alde.
Era berean, minutuko isilunea egingo dute eguerdian, eta gero 191 puztuki askatuko dituzte.
Ekitaldi horretan izango dira Jorge Fernandez Diaz eta Alberto Ruiz-Gallardon Barne eta Justizia ministroak, Ignacio Gonzalez Madrilgo presidentea, Ana Botella alkatea, Cristina Cifuentes Gobernuaren ordezkaria, Maria Dolores de Cospedal PPren idazkari nagusia, eta PSOE, IU eta UPyD alderdietako ordezkariak.
Bitartean, M-11 Terrorismoak Kaltetuak elkarteak (Pilar Manjon du presidente) ez dio urteroko hitzorduari huts egingo, eta CCOOk, UGTk eta Aktoreen Batasunak Atochan antolatzen duten ekitaldian izango da. Lore-eskaintza egingo dute 13:00etan, eta ordezkari nagusiek adierazpenak egingo dituzte.
Bihar, berriz, 'In Memorian' kontzertua egingo da Madrilgo Musika Areto Nagusian, Terrorismoaren Biktimen Fundazioak antolatuta.