Politika -
Hamargarren urteurrena
Fernandez Diaz: 'ETA ez zen M-11ren egilea izan'
''Une honetan auzia itxita dago judizialki. Edonola ere, jakin badakigu egia judizialak ez duela egia absolutua ezartzen; ez duela gizakion egia ezartzen'', esan du ministroak.
Erredakzioa
"ETA ez zen M-11ko atentatuen egilea izan", esan du astelehen honetan Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak, 2004ko martxoaren 11ko atentatuen 10. urteurrenaren bezperan. Ministroaren hitzetan, "agerikoa" da atentatua terrorista jihadistek egin zutela.
M-11ko atentatuek 191 hildako eta 2.000 zauritu baino gehiago utzi zituzten, Espainiaren historian sarraskirik handiena.
Gaur egun M-11ren auzia maila judizialean "formalki" itxita dagoela azpimarratu du ministroak. "Judizialki auzia itxita dago; baina, jakin badakigu egia judizialak ez duela egia absolutua ezartzen, ez duela gizakion egia ezartzen", gaineratu du.
Hala, agintari judizialen esku elementu berriak jarriko balituzte eta horiek auzia berriz irekitzeko aukera eskainiko balute, "berriz ere ireki" egingo litzatekeela adierazi du.