Politika -
Krisia Nafarroan
Susana Perez PSNren zuzendaritzako kideak dimisioa eman du
Cascanteko zinegotziak zuzendaritza taldean zuen kargua utzi du, Barcinaren kontra zentsura mozioa ez aurkeztea erabaki ostean PSNren sinesgarritasuna "lurzoruan" geratu da.
Erredakzioa
Susana Perez Rosano PSNren zuzendaritzako kideak dimisioa eman du gaur goizean PSOEk Nafarroan zentsura mozioa aurkeztea galarazi zielako, eta hori "azpikeria"tzat jo du. Erabaki horrekin PSNren sinesgarritasuna "lurzoruan" geratu dela iritzi dio Perezek.
Zinegotzi sozialistak oso gogor kritikatu du PSNren baitan gertatu dena: "PSN miseria egoeran utzi dute. Abertzaleen eta eskuindarren aurrean indar pixka bat hartu bagenuen, dagoeneko kendu digute".
Roberto Jimenez idazkari nagusiaren egoeraz galdetuta, Perezek uste du bere tokian dimisioa emango zuela, baina ez orain, baizik eta Ferrazek zentsura mozioa debekatu zuen unean.
Hala ere, Susana Perezek uste du Roberto Jimenezi ere "engainatu" egin ziotela, baina "agian azkarregi" jokatu zuela zentsura mozioaren aldeko hautua egin zuenean.
Perez Cascanteko zinegotzia da, Jose Antonio Perez Sola Tuterako alkate ohiaren alaba, eta azaldu duenez, ostegunean iragarri zion Eskualdeko Batzordeari zentsura moziorik ezean dimisioa emango zuela.
Perezen esanetan, PSOEk "ez luke horren zurruna izan behar" itunei dagokienez, zeren federazioetan "ez gara lehen hezkuntzako haurrak, helduak gara". Horren harira, PSOEri "beheko kideei" ere jaramon egiteko deia egin dio.
Gainera, Cascanteko herritarrei zentsura mozioa izango zela hitzeman omen zien, eta horrek "ilusioa" piztu zuela.
Perez independente gisa hasi zuen legegintzaldia, baina PSNn afiliatu zen 2012an. Orain, berriz, afiliazioa bertan behera uztea pentsatzen ari da, PSN "Madrilen sukurtsala" dela iritzita. Hala ere, ez du uste alderdia utziko duenik, "gauzak barrutik" aldatu behar direla uste baitu.
PSOEk aitortu du erabakiak ez duela PSN 'indartu'
Oscar Lopez PSOEren Antolakuntza idazkariak aitortu duenez, "nabarmena da" PSN ez dela "indartuta atera" Nafarroako krisiaren ostean, PSOEk PSNri Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentearen kontrako zentsura mozioa aurkeztea galarazi eta gero.