Politika -

Martxoaren 11ko atentatuak

'Argi dago ETAk ez daukala zerikusirik Martxoaren 11ko atentatuekin'

ETBk M-11ko atentatuak epaitu zituen Gomez Bermudez epailea elkarrizketatu du, 10. urteurrenaren bezperatan. Baieztatu duenez, hasieratik garbi izan zuen yihadistak zeudela atzean.

ETBk Martxoaren 11ko atentatua epaitu zuen Gomez Bermudez epailea elkarrizketatu du. Argazkia: EiTB
ETBk Martxoaren 11ko atentatua epaitu zuen Gomez Bermudez epailea elkarrizketatu du. Argazkia: EiTB
'Frogak ikusita, argi izan nuen beti yihadisten atentatua izan zela'

O.A.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Argi dago ETAk ez daukala zerikusirik Martxoaren 11ko atentatuekin", adierazi dio Javier Gomez Bermudez 2004ko martxoaren 11ko atentatuak epaitu zituen epaileak ETBri.

Datorren asteartean 10 urte beteko dira, Madrilen martxoaren 11ko atentatuak gertatu zirenetik. Atentatu horietan 192 pertsona hil eta ia 2.000 lagun zauritu ziren.

Javier Gomez Bermudez epailea M-11 auzia ikertu zuen epaimahaiko presidentea izan zen, eta atentatua gertatu eta 10 urtera ETBri elkarrizketa eskaini dio. Duela sei urte kaleratu zuten auziko epaia.

Gomez Bermudezek adierazi duenez, "inoiz" ez zuen zalantzan jarri yihadisten egiletza: "Inoiz ere ez, frogak ikusita inoiz ere ez".

Haratago doa eta horren ustez, atentatuaren ondorengo egunetan "gertaeretara objektibotasunez gerturatzen zen edonor kontura zitekeen ETAk ez zuela eskuhartze zuzenik izan atentatuetan". Eta ondoren plazaratutak frogekin, "argi dago ez daukala inolako zerikusirik".

Bestalde, martxoaren 11ko atentatuak argitzeko egin zuten epaiketa ere hizpide izan du. Horren iritziz, ez da ez Espainian eta ezta Europan ere beste horrelako epaiketarik izan: "frogen kantitatea, egindako ahalegina eta xehetasun txikienaren analisia ere egin zela kontuan hartuz gero".

Epaiketa oso esperientzia aberasgarria izan zela nabarmendu du eta asko ikasteko balio izan ziola. Esaterako, yihadisten egitura nolakoa zen ikasi zuen: "Horien egitura ez da ETArena edo GRAPOrena bezalakoa, hierarkikoa alegia. Yihadisten egitura lausoagoa zen: liderrak daude buruzagiak baina gehiago".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea