Politika -

Krisia Nafarroan

Ferrazen agindua obedituko du PSNk, eta ez du moziorik babestuko

PSNko Lurralde Batzordeak Nafarroako sozialisten Exekutibaren proposamena onartu du. Zentsura-mozioa aurkezteko betoa "berriz hausnartzeko" eskatu diote PSOEri ebazpenean.

Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusia Iruñeko egoitzan. Argazkia: EFE
Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusia Iruñeko egoitzan. Argazkia: EFE
Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusia Iruñeko egoitzan. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSNko Lurralde Batzordeak Nafarroako sozialisten Exekutibaren proposamena onartu du. Proposamenean Yolanda Barcina presidentearen aurka zentsura-mozioa aurkezteko betoa "berriz pentsatzeko" eskatu diote PSOEri.

Horrela, Barcinaren Gobernuaren aurkako zentsura-mozioa ez babesteko agindua obedituko du PSNk, baina erabakia berriz hausnartzeko eskatu dio PSOEri.

PSNren Lurralde Batzordea 22:30ean amaitu da. Bilerak lau orduko iraupena izan du. Ebazpenak aldeko 80 boto jaso ditu eta kontrako zazpi. Lurralde Batzordeko 47 kide abstenitu dira.

Bilera amaitu ostean Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak kargua uzteko aukera baztertu du. Hala ere, Amanda Acedo sektore kritikoko ordezkariak Jimenezen eta Exekutiba osoaren dimisioa eskatu du.

Dimisioa aurkezteko aukera "buruan" ez duela adierazi du idazkari nagusiak. Jimenezen ahotan, "logikoki, PSOEk hartutako erabakiarekin ez gaude ados", baina obedituko dutela azpimarratu du.

Zentsura-mozioa ez aurkezteko erabakia hartu zuen asteazkenean PSOEko Exekutiba Federalak, ezta beste alderdi batek aurkeztutako zentsura-mozio bati babesa ematea ere.

Lurralde Batzordea bildu baino lehen PSNko Batzorde Exekutiboak proposamen bat onartu du, baina azken erabakia alderdiko organo gorenak hartu du.

Ebazpenak bost puntu ditu eta "PSN-PSOE PSOEren federazioa" dela argi uzten du: "PSN PSOEren federazio bat da eta horrela ekingo du, alderdiaren erabakiak betez".

"Hala ere, PSOEk hartutako erabakiarekin ez gaude ados. Zentzu horretan, Ferrazek erabakia berriz hausnartu behar du zentsura-mozio bat aurkeztu ahal izateko", erantsi du proposamenak.

Astiz PSN EFE

Anai Astiz Etxebizitzako konsteilari sozialista ohia PSNko egoitzaren aurrean. Argazkia: EFE

PSNko Lurralde Batzordearen erabakia "positiboa" dela esan du PSOEren zuzendaritzak agiri batean. Nafarroako sozialisten "jarrera arduratsua" goraipatu du, Barcinaren "arduragabetasunaren" aurrean. Nafarroako presidenteari kargua uzteko eskatu dio berriro PSOEk.

Sektore kritikoa

Bestalde, Roberto Jimenezen dimisioa eskatzeko eta Nafarroan hauteskundeak aurreratzeko proposamena aurkeztu nahi zuten alderdiko sektore kritikoko buruzagiek, baina PSNko zuzendaritzak ez die utzi.

Lehenago, Batzorde Exekutiboak PSOEren agindua betetzea erabaki du, baina azken erabakia Lurralde Batzordeak zuen. Lurralde Batzordea 200 lagunek osatzen dute.

Bigarren bilera horretan, Exekutibako kideen eta Jimenezen dimisioa eskatzeko ebazpen bat aurkezten saiatu dira buruzagi batzuk, hauteskundeak aurreratzeko eta PSOEko zuzendaritzaren inposaketa gaitzesteko.

Nafarroan alderdia suspertzeko "bide bakarra" hori dela uste dute buruzagi kritikoek.

Zuzendaritzak, ostera, ez du proposamena eztabaidatzeko aukerarik eman eta buruzagi kritikoak kalera atera dira kazetariei euren "haserrea" azaltzeko.

Astiz PSN EFE

Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusia Iruñeko egoitza sozialistaren aurrean. Argazkia: EFE

Protestak

200 bat lagunek protesta egin dute PSNko egoitzaren aurrean. Manifestariak 19:00ak aldera biltzen joan dira Iruñeko Sarasate pasealekuan.

"Lotsagabeak" edo "kanpora" oihu egin dute manifestariek. "Hauteskundeak" eta "aldaketa" eskatu dute kartelen bidez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea