Politika -

Nafarroako Ogasuna

Akordiorik ez da izan Nieves eta Goicoechea adiskidetzeko ekitaldian

Goicoechearen abokatuak azaldu duenez, Nievesek ez du Parlamentuan egindako salaketak egiaztatzeko frogarik aurkeztu, eta, ondorioz, horren aurkako akzio legalak abiatuko dituzte.

Idoia Nieves Nafarroako Ogasuneko zuzendari ohia. Argazkia: EFE
Idoia Nieves Nafarroako Ogasuneko zuzendari ohia. Argazkia: EFE
Idoia Nieves Nafarroako Ogasuneko zuzendari ohia. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Akordiorik gabe amaitu da ostegun honetan Idoia Nieves Nafarroako Ogasun zuzendari ohiak eta Lourdes Goicoechea Nafarroako Ogasun eta Ekonomia kontseilariak Antsoaingo Bake epaitegian egin duten adiskidetze-ekitaldia.

Ignacio del Burgo Lourdes Goicoechearen abokatuak azaldu duenez, Idoia Nievesek ez du Goicoechearen kontra egindako salaketak baieztatzeko frogarik aurkeztu. Hori dela eta, horren kontra bide judiziala hastea aztertuko dute orain. Izan ere, Goicoechearen adiskidetze-eskaeran Nafarroako Parlamentuan egindako salaketak (esku-sartzea egin eta aldeko tratua eman izana, besteak beste) frogatzea eskatzen zion Nievesi, eta, hori egin ezean, esandakoa zuzentzea.

Idoia Nievesen deklarazioa epailearen aurrean

Goicoecheari ez ziola legez kanpoko ekintzarik egin eta bere onura pertsonala bilatu izana egotzi adierazi du Idoia Nievesek epailearen aurrean. Goicoecheak horrela jokatu zuela pentsatu izan balu, Fiskaltzara joango zela gaineratu du.

Adiskidetze-ekitaldian, Nievesek testu bat aurkeztu dio epaileari, bere azalpenak idatziz eman baitizkio.

Nievesen salaketak

Idoia Nieves Nafarroako Ogasun zuzendari ohiak "muturra sartzea" eta etengabeko "esku-sartzeak" egitea leporatu zizkion Lourdes Goicoechea Nafarroako Gobernuko lehen presidenteorde eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu kontseilariari, otsailaren 11n Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian.

Kontseilariaren jokaerari dagokionez, Ogasun zuzendari ohiak hainbat pasarte kontatu zituen; zerga-datuak edo bestelako informazioa eskuratzeko saiakerak, aurreikusita zegoen jarduera bat galarazten ahalegindu izana eta zergadun baten eduki bat aldatzeko nahia, esaterako.

Nievesek adierazi zuenez, kontseilariak beste zergadun baten sozietateen zerga berraztertzeko proposamena aldatzeko estutu egin zuen, eta Lourdes Goicoecheak bezero batzuen "aholkulari fiskala izaten" jarraituko balu bezala jokatzeko kezka zuela gaineratu zuen.

Defizit helburua betetzeko enpresei BEZaren itzulketa 2012ko jardueratik 2013kora atzeratzeko erabakiarekin ere ez zetorren bat Nieves; izan ere, horren arabera, itzulketa egiteko legezko epeak ez betetzeaz gain, erabaki horrek "zergadunei kalte larriak" eragingo lizkieke eta horien jarduera ekonomikoari eragingo lioke, enpresen likidazioa "are eta gehiago" lesionatuz. Erabaki horiek 2013an 100 milioi euro inguruko ondorioak izan zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea