Politika -
EAE-ko PP-ren kongresua
Akordioa lortzeko, norabide berean arraun egitea eskatu du Oyarzabalek
Gaur egungo Euskadiko popularren idazkari nagusia itxaropentsu mintzatu da eta datozen orduetan adostasunera helduko direla espero du. Halaber, kongresu 'lasaia' izango dela iragarri du.
Erredakzioa
Datozen orduetan Euskadiko popularren idazkari nagusi kargurako hautagaia adosteko, "norabide berean arraun egiteko" eskatu die Iñaki Oyarzabal egungo idazkari nagusiak alderdikideei.
Adierazpenok Eusko Legebiltzarreko pasilloetan egin ditu Iñaki Oyarzabalek, ostegunetako ohiko osoko bilkura hasi aurretik. Alderdiaren barruan eztabaida piztu da Iñaki Oyarzabalen ordezkoa adosterako garaian, Arantza Quirogak haren taldean Oyarzabal ez duela nahi adierazi ostean.
Oyarzabalen esanetan, "PP indartsu bat lortzeko beharrezkoa da lan egitea". "Euskal gizartearen zerbitzura lan egingo duen alderdi ireki bat izaten jarraitu behar dugu. Halaber, guztiok aitortuta senti gaitezen, partekatutako proiektua babestea ezinbestekoa da", gaineratu du.
Datozen orduetan idazkari nagusi kargurako hautagaia adosteko, norabide berean lan egitea aldarrikatu du Oyarzabalek. Asteburuko Euskadiko popularren kongresua ere hizpide izan du, eta Euskadiko PPk orain arte oinarri izan dituen ezaugarriak babestea eskatu du aurrerantzean ere. "PPk elkarrizketaren aldeko apustua egin, eta zentrokoa eta irekia izan behar du euskal gizartearentzat baliagarria izan dadin", nabarmendu du.
Liskarrak liskar, itxaropentsu mintzatu da Oyarzabal eta idazkari nagusi kargurako hautagaia adostuko dutela espero du.
"Akordioa egon dadin lanean ari naiz, eta Kongresu honetatik talde eta lidergo indartua ateratzea espero dut", azaldu du.
Arantza Quirogak dimisioa ematearekin mehatxu egin zuen galdetuta, horren gaineko informazioarik ez duela aipartu du. Hala ere, "hedabideetan diotena baino giro hobea daukagu".