Politika -

Krisia Nafarroan

Roberto Jimenez, otsailean: 'Nafarroan, ni naiz PSOE'

PSNko idazkari nagusia kolokan geratu da, PSOEk Nafarroan zentsura mozio bat aurkeztea galarazi eta gero.

Roberto Jiménez: 'Nafarroan PSOE ni naiz' (jatorrizkoa gazteleraz)

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOEk PSNri Nafarroan zentsura mozioa aurkeztea debekatu eta gero, Roberto Jimenez sozialista nafarren idazkari nagusia kolokan geratu da, batik bat otsailean "Nafarroan ni naiz PSOE" esan zuela kontuan hartuta.

Bigarren aldia izan da azken urteetan PSOEk PSN geldiarazi duena. Izan ere, 2007, urtean, alderdiko zuzendaritza federalak Miguel Sanzen inbestidura saioan abstenitzea agindu zien Nafarroako parlamentari sozialistei, Gobernua UPNren esku uzteko.

Zazpi urteren ondoren, PSOEk galarazi egin du PSNk Yolanda Barcina foru presidentearen aurka zentsura mozioa aurkeztea, azken bi asteetan sozialistak gainerako alderdiekin negoziatzen aritu eta gero.

Testuinguru honetan, PSNren Lurralde Batzordeak bilera egingo du gaur arratsaldean (18:00), eta alderdi batzuetatik, I-Etik kasu, PSOEren agindua ez betetzea eskatu diote Jimenezi.

PSNk PSOEren agindua ezagutu aurretik deitu zuen gaur arratsaldeko bilera, eta, horretan, zentsura mozioa aurkeztu edo ez erabakiko zuten, atzo gainerako alderdiekin abiatutako bilera-sorta bukatu eta gero.

Atzo bertan, Lurralde Batzordeak har dezakeen erabaki bakarraren helburua "hauteskundeak maiatzaren 25era aurreratzea" dela esan zuen Pedro Rascon PSNren bozeramailordeak.

Jimenez irmoagoa agertu zen otsailean, kazetariek PSOEk zentsura mozio bat babestuko lukeen galdetu ziotenean. "Nafarroan ni naiz PSOE, Alderdi Sozialistaren izenean hitz egiten dut", erantzun zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea