Politika -
Krisia PP-n
Barne arazoak 'lehenbailehen' konpontzea eskatu du Semperrek
Barne arazoek "aspertu" egiten dutela aitortu du EAEko PPko bozeramaileak.
Erredakzioa
Borja Semper Gipuzkoako PPko presidenteak alderdi barruko krisia "lehenbailehen, gaur bertan posible bada", konpontzea eskatu dio EAEko PPko zuzendaritzari.
Semperrek Radio Nacional irrati katean egin ditu adierazpenok, Manu Uriarte Gasteizko zinegotzi popularrak EAEko PPko idazkari nagusia izateari uko egin eta gero. Otsailaren 28an, Iñaki Oyarzabal idazkari kargutik kenduko duela baieztatu zuen Arantza Quiroga alderdiko presidenteak.
Horren harian, EAEko PPko barne arazoek "aspertu" egiten dutela aitortu du Semperrek, batik bat "betikotzen" direnean.
Horregatik, "erantzukizunez" eta "egoerak eskatzen duen moduan" jokatzea eskatu die zuzendaritzakoei, gatazka "lehenbailehen, gaur bertan posible bada", konpondu ahal izateko.
Ostiralean, EAEko PPk batzarra abiatuko du, eta bertan herritarren arazoez hitz egiteko deia egin du Semperrek, "ez alderdi barrukoez".