Politika -
AHT
Euskal Y-aren planifikazio osoa eskatu dute EAJk eta Jaurlaritzak
Hartu duen konpromisoari eusteko eta Bergarako korapiloko bost zatiak urte honetan bertan esleitzeko eskatu diote jeltzaleek eta Jaurlaritzak Rajoyri.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako eta EAJko ordezkariak elkarrekin agertu dira komunikabideen aurrean, Espainiako Gobernuari eskari zuzena egiteko: Euskal Y-aren Bergarako korapiloan egingo dituzten bost zatietako lanak urte honetan bertan esleitu ditzala eta proiektuaren planifikazio oso bat jar dezala mahai gainean.
EAJren Bilboko egoitzan eskaini duten prentsaurrekoan Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak, Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak eta Izaskun Bilbao eurodiputatu jeltzaleak hartu dute parte. Mariano Rajoyren Gobernuari hartutako konpromisoa betetzeko eskatu diote denek, eta, hori hala izan dadin, presioa egingo dutela agindu dute.
Gaurko agerraldiarekin, AHTaren alde elkarrekin egiten ari diren lana agerian utzi nahi izan dute. Euren hitzetan, elkarlan horri esker eta modu bateratuan egiten ari diren presioari esker ari da aurrera egiten Eeuskal Y-a. Estebanek esan duenez, Espainiako Gobernuak proiektuaren beste zati batzuk lehenetsi nahi dituen arren, EAEko lanak aurrera doaz.