Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Spektorowskik dio zitazioak ez diela bakearekiko konpromisoa kentzen

Baionako polizia-etxean deklaratu behar izan du, Frantziak deituta. Aitortu du lehen aldia dela holakorik gertatzen zaionik eta Euskadira egindako bisita ''oso positiboa'' izan dela esan du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alberto Spektorowski Tel Aviveko (Israel) Unibertsitateko irakasleak dio Baionako polizia-etxean deklaratu behar izateak ez diela bakearekiko konpromisoa kentzen. Izan ere, Frantziako Poliziak deklaratzera deitu ditu ostiral honetan Brian Currinek gidatzen duen Nazioarteko Harreman Taldeko hainbat kide, tartean Currin bera ere. Terrorismoaren aurkako Pariseko epaitegi batek egin du galdeketa bideratzeko eskaera, eta Baionako polizia-etxean izan da deklarazioa.

Radio Euskadiko ''Ganbara'' saioko elkarrizketan Spektorowskik esan du ez duela ulertu zertara zetozen han egin dizkieten galderak, tartean Nazioarteko Harreman Taldearen hasieran ingurukoak. Nor ezagutzen duten eta ETArekin harremanik ote duten ere galdetu diete. ''Hutsala iruditu zait. Jakin nahi zutena erantzun diegu eta ezer ez gehiago'', azaldu du.

Nazioarteko Harreman Taldearen ordezkariaren hitzetan ''gogaikarria'' izan da deklaratzera joan behar izatea, eta egiaztatzaileekin nahastu dituztela uste duela ere azaldu du. ''Susmoa daukat Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin nahastu gaituztela'', gaineratu du.

Aitortu egin du lehen aldia dela holakorik gertatzen zaienik, baita Espainian ere, eta zitazioarekin harrituta geratu dela azaldu du. ''Hala ere, egiaztatzaileekin gertatu zena ikusita, gerta zitekeen'', gaineratu du.

Berriz ere deklaratu beharko ez dutela argitu eta azpimarratu egin du gertatutakoak ez duela ''batere'' aldatuko Currinen taldearen jokaera.Spektorowskiren ustez, gerta daiteke Espainiako eta Frantziako gobernuek ''apur bat kontuak egin nahi izatea; baina horrek ez digu bakearekiko konpromisoa kentzen. Erabatekoa da konpromiso hori'', gaineratu du.

Euskal Herrira bisita

Spektorowskiren aburuz, ''oso positiboa'' da Euskal Herrira egindako bisita. Besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakariarekin bildu dira, eta elkarrizketa '''oso serio eta interesgarria'' izan dutela argitu du irakasleak. ''Konfiantza handia dugu denek harengan'', gaineratu du.

Aitortu du Espainiako eta Frantziako gobernuen jarrera ''oso itxia'' dela, ''baina horrek ez du esan nahi betiko itxita egongo direnik'', adierazi du. ''Irekitzen ari den aukera bat dago eta ez litzateke galtzen utzi behar'', azpimarratu du.

Bestalde, ETAk desarmea azkartu behar duela adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea