Politika -
Elkarrizketa
Urkullu, ETArekin elkarrizketa abiatzeko 'prest', bakea lortzeko bada
Lehendakariak gogoratu duenez, Espainiako Gobernu guztiek, Mariano Rajoyrena izan ezik, "zeharkako edota zuzeneko harremana" izan dute ETArekin, atentatuak egiten jarraitzen zuen bitartean.
Erredakzioa
ETArekin elkarrizketa abiatzeko "prest" dagoela esan du gaur Iñigo Urkullu lehendakariak, betiere "bakea eta bizikidetza lortzeko baldin bada". Gogoratu duenez, Espainiako Gobernu guztiek, Mariano Rajoyrena izan ezik, "zeharkako edota zuzeneko harremana" izan dute ETArekin, atentatuak egiten jarraitzen zuen bitartean.
SER irrati kateari eskainitako elkarrizketan, 1998. urtean sinatutako Ajuria Eneko hitzarmenaren hamargarren puntua gogora ekarri du lehendakariak: "Indarkeriarekin amaitzeko borondatea erakusten baldin badu, ETArekin elkarrizketa hasteko aukera aurreikusi genuen".
"Espainiar Estatuko Gobernu demokratiko guztiek, Rajoyrena izan ezik, ETArekin zeharkako edo zuzeneko harremana izan dute", berretsi du.
"Hortaz, ETAk hiltzen zuenean talde armatuarekin harremana izan bazuten, zergatik orain, 2014. urtean, indarkeria utzi zuenetik bi urte baino gehiago igaro direnean eta ezker abertzaleak eta ETAk demokraziaren aldeko pausoak emateko borondatea erakutsi dutenean, ezin dugu ETArekin elkarrizketa abiatu?", galdetu du.
Desarmea
Bestalde, ETAk iragan astean emandako urratsa ez zela "nahikoa izan" berretsi du lehendakariak. Erakundeari "armagabetze osoaren" norabidean "pauso azkarragoak" emateko eskatu dio. Mariano Rajoyren Gobernuari ere "inplikazioa" eskatu dio Urkulluk.
Horrez gain, Estatuko alderdi "nagusiei" Espainiako nazioaniztasuna onartzeko eskatu die lehendakariak, Euskadi eta Kataluniako alderdiek "akordioa eta bizikidetza lortzeko erakutsi duten" gogoa ikusita.