Politika -
Krisia Nafarroan
Santos Cerdanek (PSN) zentsura-mozioaren aldeko apustuari eutsi dio
Erabakia PSNko lurralde batzordeak hartuko duela ziurtatu du, eta gezurretan aritu izana egotzi dio Barcinari.
Erredakzioa
Santos Cerdan PSNko Antolakuntza idazkariak zentsura-mozioaren aldeko apustuari eutsi dio, eta Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordean gezurretan aritu izana egotzi dio Yolanda Barcina presidenteari. "Barcinak gezurra esan du. Informazioa ezkutatu du. Berriz ere agerian geratu da gezurretan dabilela", esan du ostegun honetan Radio Euskadiko "Ganbara" saioan.
Cerdanek ziurtatu du zentsura-mozioaren inguruko erabakia PSNko lurralde batzordeak hartuko duela. "Parlamentuan denbora gutxien egin duen parlamentaria izatea espero dut", esan du. Izan ere, gaur bertan hartu du eserlekua Cerdanek, Roman Felones alderdikidearen tokian.
PSNko Antolakuntza idazkariaren hitzetan, ikerketa batzordean argi geratu da Nafarroako Ogasun Departamentuan esku-hartzeak izan zirela. "Emaitzek egiaztatu egingo dute Nievesek salatu zuena", esan du.
"Ustelkeria ez da bakarrik aberastea. Ustelkeria faborezko tratua sustatzea ere bada. Faborezko tratu horiek burutu ez badira teknikariek presioei eutsi dietelako izan da", azpimarratu du. "Ezinezkoa zena ere egin dute besteren bati mesede egiteko, eta politikan hori nahikoa da Gobernuan ez jarraitzeko", gaineratu du, Yolanda Barcinari eta Lourdes Goicoecheari aipamen eginez.
Nafarroako egoera jasanezina dela eta herritarrei hitza emateko unea dela uste du Cerdanek. "Ez dago ez akordiorik ez itunik Bildurekin. Asmo bakarra hauteskundeak deitzea da", adierazi du.
Posta elektroniko bat manipulatzea leporatu dio Barcinari
Bestalde, Cerdanek ikerketa batzordera "manipulatutako" posta elektroniko bat eramatea leporatu dio Barcinari, berak ere galdetu zuelako Roberto Jimenezek galdetu zuen enpresaren inguruan, baina informazio hori "nahita" ezkutatu zuen. PSNren Antolakuntza idazkariak salatu du "oso larria" dela Barcinak batzordean informazioa ezkutatu izana. Gainera, PSNren arabera, Barcinak erakutsi zuen posta elektronikoaren fotokopia "nahita manipulatuta" zegoen.
Ostiral honetan emango dira jakitera Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordearen emaitzak.