Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Jaurlaritzak ez du ETA amaitzeko 'laguntza mespretxatuko'

Josu Erkoreka bozeramaileak azpimarratu duenez, ETAren amaierak "adostua" behar du izan, Euskal Herriko "lau joera politiko nagusien artean".

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea. Argazkia: EiTB
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea.
ETAren barnean tentsioak daudela ohartarazi du Erkorekak

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du ez dutela nazioarteko "laguntzarik mespretxatuko ETAren indarkeria modu ordenatuan amaitzeko".

Jonathan Powell Tony Blairren kabinete buru ohia Euskal Herrian da bake prozesuaren inguruan lehendakariarekin eta alderdi politikoekin hitz egiteko, ETAk desarmerako lehenengo pausoa eman ostean eta nazioarteko egiaztatzaileek Auzitegi Nazionalean deklaratu eta gero.

Erkorekak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, "ongietorria izango da ETAren indarkeria amaitzeko laguntza, are gehiago esperientzia, pisu instituzionala edo nazioarte mailan harremanak dituen pertsona baten aldetik iristen bada".

"Indarkeria berragertzeko arrisku guztia desagerrarazi"

Bestalde, bozeramaileak aitortu du "barne tentsioak" daudela ETAn egungo egoeraren inguruko "diagnosi komuna" egiteko. Horregatik, etorkizunean indarkeria berriro agertzeko "arrisku guztiak desagerrarazteko" deia egin du.

Justizia sailburu ere badenak gaineratu duenez, ETA modu "ordenatuan" desegin beharra dago, "adostasunean" oinarrituta, eta "ETAko kide edo jarraitzaile diren guztiek aho batez onartuta", indarkeria berriro pizteko "zirrikiturik" gera ez dadin.

Azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren helburua ETAren amaiera adostua lortzea da, eta horretarako ezinbesteko jotzen du "erakundeen eta Euskal Herriko lau joera politiko nagusien arteko adostasuna".

Desarmatzea

Jaurlaritzaren bozeramailearentzat "anekdotikoa" da ETAren armak non dauden jakitea, nola gorde dituzten edo noren kontrolpean dauden, "erabili ezinik egiaztatzen bada beti ere".

"Egiaztatzaileei sinesgarritasuna ematen bazaie, eta Jaurlaritzak ematen die, nahikoa berme da haiek egiaztatzea", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea