Politika -

POLITIKA OROKORREKO EZTABAIDA

EAJk Rajoyri: 'ETAren armagabetzeari trabak jartzea ulertezina da'

ETAren armagabetzearen harira azken egunotan izan diren gertakariei aipurik egingo ez diela esan du Mariano Rajoyk, eta betiko mezua igorri du: "ETAk desegin egin behar du".

Aitor Esteban.
Aitor Esteban.
ETAri buruz ia ez du hitz egin Rajoyk

G. Palacios | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aitor Esteban EAJko diputatuak gogor kritikatu du Mariano Rajoyk politika orokorreko lehen saioan inolako aipurik egin ez izana Euskal Herriko bakegintza-prozesuari eta ETAren armagabetzeari,  eta Espainiako Gobernuko presidenteari gogora ekarri dio azken bi urteotan Euskal Herriko testuinguru politiko eta soziala nabarmen aldatu dela.

"ETAk bere jarduera armatua betirako utzi zuela iragarri zuenetik bi urte baino gehiago igaro dira eta Euskadin ezer aldatu ez dela esatea inork ez du konpartitzen, ezta  Euskadiko PPk ere", adierazi du.

Espainiako Gobernuak ETAren armagabetzerako prozesuan duen jarrera ere deitoratu du Estebanek. "Jarrera horrek ahalbidetzen du ETA azkenaldian egiten ari den irudikatzea denboran luzatzea", erantsi du.

Ildo horretan, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroari ere zuzendu zaio: "ETAk armak entregatzen ez baditu, kendu egingo dizkiozuela esan duzu askotan. Bada, ministro jauna, zeri ari zara itxaroten ETAri armak kentzeko?".

Estebanen esanetan, ulertezina da ETAri armak entregatzea eta desegitea eskatzea eta horretarako baldintzak ez jartzea. "Ulertezina da armagabetze prozesu bati trabak jartzea; erabaki politiko hori ez da bidea, zuen politika iraganean oinarrituta baitago", azaldu du.

Erantzuteko txandan, Rajoyk ukatu egin du Estaben egotzitakoa eta esan du bere garaian onartu zuela Euskal Herrian "aldaketa" izan zela. "ETAk hiltzeari uztea erabaki zuenean onartu nuen gauzak aldatu egin zirela", gogoratu du.

Alabaina, azken egunotan ETAren armagabetzearen inguruan izan diren gertakariak aipatzeari uko egin dio. "Ez du pena merezi ezer esateak", nabarmendu du.

Ildo horretan, betiko diskurtsoari eutsi dio eta ETArengandik bere desegitea baino ez duela itxaroten adierazi du.

"Konponbidea ETA desegitea da. Zergatik eman behar diot nik ezer bere desegitearen truke? Zer suposatzen da eman behar diodala? ETA talde terrorista bat da eta beti jardungo dut legeak eta auzitegiek esaten dutenaren baitan", azaldu du.

Konstituzioan aldaketak

Aitor Estebanek Espainiako Gobernuaren zentralizaziorako joera ere kritikatu du, bereziki Euskal Herriari eta Kataluniari lotutako gaiei dagokionez.

Autonomien Estatua "txiki" geratu dela eta Euskal Herria eta Katalunia bezalako nazioak "gustura" egoteko Konstituzioan egin behar diren aldaketak egiteko eskatu dio.

"Euskadiko eta Kataluniako gizarteek naziotzat dute euren burua, eta Estatuaren egituraketa berria egin nahi bada, errealitatea hori aintzat hartzea ezinbestekoa da", azaldu du .

Ildo horretan, gogora ekarri du Eusko Legebiltzarrean abian jarri dela "sentsibilitate politiko guztien artean" autogobernuari buruz eztabaidatzeko eta akordio batera heltzeko batzordea.

Testuinguru ekonomikoa

Bestalde, Rajoyk Estatuak bizi duen egoera ekonomikoari buruz atzo egindako irakurketa deitoratu du. "Diskurtso triunfalista eta esperotakoa izan zen", esan du Estebanek.

Aitor Esteban EAJko diputatuak esan du Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak atzo egindako diskurtsoa "esperotakoa" izan zela.

"Duela bi urte esan zenuenaren aurkakoa egin duzu. Ez duzu zergarik jaitsi eta langabezia-tasak ere ez du bera egin. Diskurtso triunfalista egin zenuen atzo, hauteskundeei begira zaudelako, baina errealitateak dio langabezia-tasak, adibidez, % 25a baino handiagoa izaten jarraitzen duela", nabarmendu du Diputatuen Kongresuan egiten ari diren politika orokorreko eztabaidaren bigarren saioan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Bizkaia