Politika -
ETA-REN AMAIERA
EAEko PPk ETAren amaiera Rajoyrekin bideratzea eskatu dio Urkulluri
Borja Semperrek Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko "lidergo partekatua" aldarrikatu du ETAri aurre egiteko, eta ezker abertzaleari agenda ez nahasten uzteko eskatu dio lehendakariari.
Erredakzioa
Borja Semper EAEko PPko ordezkariak Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko "lidergo partekatua" aldarrikatu du ETAren amaiera lortzeko, eta ezker abertzaleari bere agenda nahasten ez uzteko eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari.
Gasteizen egindako prentsaurrekoan EAEko PPk martxoaren 7an eta 8an Donostian egingo duen biltzarrean azalduko duen txosten politikoa aurkeztu du. Arantza Quiroga EAEko PPko presidente bezala berretsiko dute bertan, Mariano Rajoyk ere bertan dela.
Semperren iritzian, ETAren amaiera Gobernuaren eta Jaurlaritzaren artean bideratu behar da, eta "PSOErekin eta terrorismoaren biktimekin elkarlanean eta koordinatuta jorratu beharreko estatu mailako kontua da".
"Zaila da borroka honen amaiera terrorismoaren aurka horren gutxi egin zutenen eskuetan uztea ulertzea", adierazi du, ezker abertzaleari aipamena eginez.
Lehendakariak nazioarteko egiaztatzaileak babestu izana zentsuratu du, eta ezker abertzaleak estututa "ordezkatzen duen erakundea konpromiso batean jarri izana" salatu du.