Politika -
Politika orokorreko eztabaida
Kontratu mugagabe bakoitzeko 100 euroko tarifa laua iragarri du Rajoyk
Bestalde, eztabaidari hasierako emateko lehen agerraldian, Mariano Rajoyk aipatu ere ez ditu egin azken egunotan ETAren desarmearen harira izandako gertakariak.
Erredakzioa
Mariano Rajoyk esan du Espainia amildegiaren ertzean egon dela, baina "Hornos lurmuturra arrakastaz" igaro duela. "Espainiak aro berri bat hasi du, lasaiagoa, produktiboagoa eta, batez ere, eramangarriagoa", erantsi du.
Estatuaren egoerari buruzko eztabaidaren hasierako agerraldia azken hamabi hilabeteetan izan den bilakaera ekonomikoari buruz hitzegiteko baliatu du Rajoyk.
"Joera aldatu egin da. Gure ibilbidearen norabidea aldatzea lortu dugu; atzeralditik aurrera egitera pasatu gara, erortzetik susperraldira, mehatxutik itxaropenera. Zuen baimenarekin, Horno lurmuturra arrakastaz igaro dugula esango dut", azpimarratu du.
Azken urtean nazioarteko komunikabideetan Espainiari buruz idatzitako titularrak aipatu ditu Rajoyk bere Gobernuaren jarduna babesteko asmoz. Lehen, Espainiari buruz informatzerakoan "erreskatea eta kaosa" bezalako kontzeptuak erabiltzen zirela, baina orain Espainia "Alemania berria" izango dela bezalako goiburuak argitaratzen direla nabarmendu du.
"Erreskatea, eurogunetik ateratzea eta konfiantza eza bezalako hitzak erabiltzeak jada ez du zentzurik", erantsi du.
Rajoyk zehaztu nahi izan du susperraldiaren meritua ez dela Espainiako Gobernuarena, "Estatuko herritarren garaipena da, haien esfortzuaren eta konfiantzaren ondorioa". "Orain bide onetik goaz", adierazi du.
Tarifa laua, kontratu berriak egiteko
Espainiako Gobernuak hartuko dituen neurri fiskalei dagokienez, Rajoyk iragarri du kontratu mugagabeak egiteagatik "100 euroko tarifa laua" izango dela Gizarte Segurantzan, "enplegu garbia sortzeko bidean".
Aipatu neurria ostiral honetako ministroen bileran onartuko dute. Gauzak horrela, enpresek 100 euro ordainduko dituzte kontratatutako langile bakoitzeko, lehendabiziko 24 hilabeteetan. Langileak, gutxienez, hiru urtez kontratatu beharko dituzte. Baldintza hori bete ezean, enpresek lortutako mozkin fiskalak itzuli beharko ditu.
12.000 euro baino gutxiago
Bestalde, Rajoyk iragarri du urtean 12.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten herritarrek ez dutela PFEZa ordaindu beharko 2015etik aurrera.
Gainera, zerga horren deklarazio egiten duten 12 milioi herritar inguruk gutxiago ordaindu beharko dutela ere jakinarazi du; izan ere, zerga horren zenbatekoa murrizteko proposamena ekainean eramango dute Parlamentura.
PFEZ berriak errenta ertaineko eta baxuko familiek "zama fiskala arinduko" duela esan du Rajoyk.
Seme-alaben, adinekoen edo urritasun fisikoak dituzten pertsonen zaintzarako emandako laguntzak handitzeko asmoa ere aurreratu du.
Enpresak
Beste berritasun batzuen artean, Espainiako Ekonomiaren Nazioartekotzerako Plan Estrategikoa dago. Ostiral honetako ministroen bileran onartuko dute eta atzerrian jarduten duten enpresei laguntzeko baliabide publikoak biltzen ditu, "eraginkorragoak izateko asmoz".
Enpresa ertainentzako eta txikientzako finantzazioa sustatzeko eta likidazioa hobetzeko araudi berri bat ere onartuko dute ostiraleko batzarrean. Rajoyk azaldu duenez, konkurtsoetarako araudia ere aldatuko dute, bideragarriak diren enpresek euren zorra "ahalik eta azkarren berregiteko aukera izan dezaten".
Langabezia
Langabeziari dagokionez, Espainiako Gobernuko presidenteak azpimarratu du ez duela atsedenik hartuko "krisiaren ondoriorik latzena den langabezia-tasak beherako joera nabarmena hartu arte". "Gure neurri guztien oinarrian enplegua sortzea dago", erantsi du.
Estatuan dauden bost milioi eta erdi langabeak gogoan izan ditu Rajoyk, baina argi utzi nahi izan du "lehendabiziko egunetik" izan dela lehentasuna enplegua sortzea.
"68 hilabete negatiboren ostean, otsailean, oso litekeena da urte arteko datua positiboa izatea Gizarte Segurantzako afiliatuen artean", aurreratu du. Urtarrileko datuak ere izan ditu hizpide: "Krisia hasi zenetik, lehen aldiz esan ahal dugu duela urtebete baino langabe gutxiago dagoela".
2015ean, berriz, BPGren igoera % 1,5ekoa izango da, aurreikusitakoa baino hiru hamarren gehiago. Kanpoko sektoreak ere gorako joerarekin jarraituko duela esan du (% 2 aurten eta % 2,5 2015ean).
Kataluniako galdeketa
Gai politikoen artean, Kataluniako galdeketa izan du hizpide. Katalanen alde "borroka" egingo duela esan du eta "une oro legea betaraziko" duela agindu du.
"Inork ez dio alde bakarrez espainiar gizarteari bere etorkizuna erabakitzea galaraziko; argi izan dezatela nire eginkizuna bete egingo dudala", ohartarazi du.
Ustelkeria
Arin bada ere, ustelkeriaren gaiari ere heldu dio Rajoyk. Ustelkeriak erantzun "argia eta irmoa" behar duela eta demokrazia eraberritu egin behar dela esan du.
Gauzak horrela, oposizioko talde guztiei eskua luzatu die gardentasun neurri berriak adosteko eta alderdi politikoen finantzazio ilegala nola zigortu aztertzeko.
Auzitegietako araudia erreformatzeko beharrizana ere aipatu du Rajoyk, epaitegietako prozesuak "azkarragoak eta eraginkorragoak" izateko asmoz. "Justizia denontzako da berdina, baina ezinbestekoa da justizia garaiz egitea; aurretiazko zigorrak nahiz zigorgabetasunak onartezinak dira", azaldu du.
Immigrazioa
Legez kanpoko immigrazioari dagokionez, Rajoyk esan du Europar Batasunak oraindik ez duela asmatu arazo horri irtenbidea ematerakoan. Horrenbestez, "etorkinen jatorrizko eta igarotze herrialdeen arteko elkarlana indartzea" proposatu du.
"Ceutan eta Melillan azken asteetan gertatuak agerian uzten du Europak oraindik ez duela konpondu immigrazioaren arazo dramatikoa", gaineratu du.
ETAren desarmea eta abortuaren erreforma
Aipatzekoa da Estatuaren egoerari buruzko eztabaidaren hasierako agerraldi honetan Rajoyk ez dituela aipatu ere egin azken egunotan ETAren desarmearen harira izandako gertakariak, ezta Aborturen Legearen Erreforma polemikoa ere.