Politika -
Auzitegi Nazionala
Egiaztatzaileek lekuko gisa deklaratzea bultzatuko du Fiskaltzak
Nazioarteko egiaztatzaileek ETAko bitartekariekin bildu diren tokiak jakitera ematea "zentzuzkoa" dela uste du Ministerio Publikoak.
Erredakzioa
Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordeko sei kideek epailearen aurrean lekuko gisa deklaratzea bultzatuko du Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak. Azken hilabeteetan ETAko bitartekariekin bildu dira eta Fiskaltzak identifikatu egin nahi ditu.
Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordeko kideek ETAko bitartekariekin bildu diren lekuak jakitera ematea "zentzuzkoa" dela uste du Ministerio Publikoak. ETAren armategien kokalekua ezagutzen baldin badute galdeketan zehaztuko dutela erantsi du.
Covite Euskadiko terrorismoaren biktimen elkartea Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzarekin harremanetan jarri da eta egiaztatzaileak lekuko gisa deklaratzeko deitzea eskatu dio, "terroristen inguruan duten informazio guztia eman dezaten". "Non zeuden, nortzuk ziren, beraiekin non bildu ziren" zehazteko, eta "segurtasun indarrek berehala atxilotzeko".
Zentzu horretan, Auzitegi Nazionalak nazioarteko egiaztatzaileak lekuko gisa deklaratzera deitzeko eskakizuna "ahalik eta azkarren" egiteko eskatu dio Fiskaltzak Coviteri. Horrela, Ram Manikkalingam, Ronnie Kasrils, Chris Maccabe, Satish Nambiar, Fleur Ravensbergen eta Aracelly Santana deklaratzera deituko ditu Auzitegi Nazionalak.
Covitek eskaera arratsaldean erregistratuko du Auzitegi Nazionalean. Nazioarteko egiaztatzaileak "premiaz" deituko ditu informazioa eman dezaten. "Norekin bildu ziren, Justiziaren eskuetatik ihes egindako terroristekin zer-nolako harremanak izan dituzten, non dauden, nortzuk diren, non bildu ziren; beharrezko informazio guztia eman dezaten segurtasun indarrek terroristak berehala atxilotzeko", azaldu du.