Politika -

ETA-REN armagabetzea

Nortzuk dira armagabetzerako nazioarteko egiaztatzaileak?

Sei lagunek osatzen dute taldea, nazioarteko gatazka eta bake prozesuetan eskarmentu handia duten izenak guztiak ere.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordea ETAren armagabetze prozesuaren alde lan egin duen taldea da. Sei lagunek osatzen dute, eta eskarmentu handia dute  nazioarteko gatazketan eta bake prozesuetan. Besteak beste, Ipar Irlanda, Hegoafrika, Sri Lanka, Kosovo, Tanzania, Irak eta Nepalgo gatazkak konpontzeko ahaleginetan parte hartze zuzena izan dute, aholkulari gisa. ETAk armak utziko zituela iragarri zuenetik, talde armatuak bide horretan eman dituen urratsak egiaztatzea izan da euren lana. Dena dela, Espainiako Gobernuak ez du, oraingoz, talde hau aintzat hartu.

2011ko irailean sortu zen Egiaztatzaile Batzordea, ETAk jardun armatua utziko zuela iragarri baino hilabete lehenago, nazioarteko sei adituren parte hartzearekin:

Ram Manikkalingam (Sri Lanka): Taldearen gidari edo batzordeburua da. Besteak beste, Amsterdameko Dialogue Advisory Group erakundearen sortzaile eta zuzendaria. Euren webgunean jasotzen denez, gatazkak elkarrizketa politikoen bidez konpontzea da euren lana. Hainbat gatazka konpontzeko bidean hartu du parte Manikkalingamek, Ipar Irlandan, Sri Lankan eta Iraken, esaterako. Genevako Giza Elkarrizketarako Zentroan ere egin du lan, aholkulari gisa. Egun, Politika Zientzietako irakaslea da, Amsterdameko Unibertsitatean.

Ronnie Kasrils (Hegoafrika): Ezinbesteko eragilea izan zen Hegoafrikan, Apartheidaren kontrako borrokan. Egun, politikatik aldenduta dagoen arren, erretiroa hartu arte hainbat kargutan lan egin izan du Hegoafrikan: Defentsa ministroordea (1994-1999), Baso eta Ur ministroa (1999-2004) eta Inteligentzia ministroa (2044-2008). Afrikako Kongresu Nazionaleko kide ere izan zen, 16 urtez.

Aracelly Santana (Ekuador): NBErentzat lanean aritu izan da 1980tik. Erakunde horren ordezkaria izan zen Nepalen eta Hegoafrikan, eta hainbat prozesutan parte hartutakoa da. Besteak beste, Libiako gatazkaren ondorengo planifikazioan esku hartu zuen NBEko ordezkariekin, 2011an. Azken 20 urteetan, munduko hainbat gatazka-gunetan egon da, baina ondorengo herrietan aritu izan da bitartekari batez ere: Hegoafrika, Kolonbia, Salvador,  Guatemala, Nepal eta Libia.

Chris Maccabe (Erresuma Batua): Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako Bulegoko zuzendari politikoa izandakoa da, eta Irlandako bakerako elkarrizketa politikoak zuzendu zituen. Elkarrizketa horien emaitza izan ziren, besteak beste, 1998ko Ostiral Santuko akordioak. Sri Lanka, Kosovo edota Tanzaniako gatazkak bideratzeko osatu diren nazioarteko taldeetan ere aholkulari lanetan ibili da.

Satish Nambiar (India): Indiako Indar Armatuen Estatu Goreneko buruetako bat izandakoa da, eta teniente jeneral izendapena du. 1992an eta 1993an, Nazio Batuen Erakundeak Jugoslavia ohirako abian jarritako babes taldeko burua izan zen. Sri Lankako bake prozesuan ere aholkulari lanak egin zituen.

Fleur Ravensbergen (Herbehereak): Dialogue Advisory Group erakundeko zuzendari ondokoa da (bitartekari lanak zuzentzen dituzte bertan). Herbehereetako Gobernuko Garapen eta Kooperazio Ministerioan lan egindakoa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea