Politika -
Nafarroako Ogasuna
Nieves: BEZaren itzulera atzeratzean 'zerga ilegaltasuna' izan zen
Nafarroako Ogasuneko zuzendari ohiak esan du ez zuela "oharkabean" aritzeko arrazoirik. "Esan dudan guztia berresten dut, nik bizi izan dudalako", adierazi du.
Idoia Nieves Nafarroako Ogasuneko zuzendari ohiak adierazi du Lourdes Goicoechea Nafarroako Gobernuko lehen presidenteorde eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu kontseilariak CAN Nafarroako Kutxari buruzko dokumentazioa eskatu ziola, Yolanda Barcinak "interesa" zuelako. Nievesek ez omen zion eskatutakoa eman.
Hain zuzen ere, Ekonomia kontseilariak 190 eredua eskatu zion, urteko informazio laburpen bat langileen eta kontseilarien zerrenda batekin (zenbat kobratu duten eta zerga bidez zenbat ordaindu duten), eta baita F50 dokumentua ere, hornitzaileen eta bezeroen zerrenda jasotzen duena.
Idoia Nieves Nafarroako Ogasun zuzendari ohiak esan du Lourdes Goicoechea kontseilariari ez zitzaiola "egokia" iruditu Nafarroako Unibertsitatea ikuskatzeko azterketa bat martxan jartzea, eta horrela jakinarazi zion prozedura hastean.
Nievesek esan du Goicoecheak beste zergadun bat "ondo tratatzea" eskatu ziola, haren enpresan lan-istripu larri bat gertatu baitzen. Dirudienez, zergadun hori Goicoecheak zuen zerga-aholkularitza bulegoko bezero garrantzitsua da.
"Emakume honek ez daki non dagoen": hori idatzi zuen Idoia Nievesek bere agendan sailburuaren eskaeraren inguruan. Argi omen zeukan ez zuela "ezer" egingo.
Aztertzeko dokumentazioa beranduago aurkeztea nahi omen zuen Goicoecheak, "laguntza humanitarioa" argudiatuta. Baina, Nievesen ustez, "ez zen normala bere bulegoko bezeroa zela esatea".
"Oharkabean aritzea"
BEZa itzultzeko epea "urratu" egin zela ere esan du Idoia Nieves Nafarroako Ogasuneko zuzendari ohia Nafarroako Parlamentuko ikerketa-batzordean, eta "ilegaltasun fiskala" izan zela uste du.
"Presidenteak esan zuen lehentasuna defizita betetzea zela, oso garrantzitsua zela erkidegoarentzat, eta horretarako itzulerak (BEZarenak) atzeratu behar baziren, atzeratu egingo zirela", esan du.
Idoia Nievesek esan du ez zuela Gobernuaren aurka "oharkabean" aritzeko arrazoirik, eta Yolanda Barcinak Ekonomia eta Ogasun kontseilari izatea proposatu ziola, baina ezezkoa eman ziola azaldu du.
"Esan dudan guztia berresten dut, nik bizi izan dudalako", erantzun du Nievesek, eta ez zuela "oharkabean" aritzeko inongo arrazoirik.
Horren arabera, ezin du esan Lourdes Goicoechea kontseilaria ustelkerian murgilduta egon denik.
Nafarroako Ogasunaren egoera aztertzeko sei saioetako lehena hasi da: Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari ohiak Lourdes Goicoechea kontseilariaren aurka egindako salaketak azalduko ditu bertan.
Nieves 09:45ean heldu da batzorde-aretora, itxura batean lasai, dokumentazio ugari eskuetan, eta Ana del Pozo bere abokatua lagundu zuela.
Aretoa hedabidez beteta dago eta bertara sartzen lehena izan da Nieves. Minutu batzuk geroago, ikerketa-batzordea osatzen duten 13 parlamentariak eta abokatua sartu dira, Juan Jose Lizarbe sozialista buru.
Ganberan egin zuen aurreko agerraldian bere dimisioaren arrazoiak azaldu zituen, eta kontseilaria "esku-sartzeak" egiten saiatu zela adierazi zuen. Horren esanetan, datuak eta zerga-informazioren bat jakiten, eta zergadun baten aurreko jarduera aldatzen saiatu zen.
Denbora mugarik gabe, talde parlamentarioek (UPN, PSN, Aralar-NaBai, PP, I-E eta Geroa Baiko parlamentari bat) galderak egingo dizkiote Nievesi.