Politika -
Omenaldia
Casas eta Buesa isilean gogoratu ditu Eusko Legebiltzarrak
Talde guztiek parte hartu dute omenaldian, Ganberaren kanpoaldean. Gaurko osoko bilkurak dirauen bitartean su-ontzi bat piztuta edukiko dute beraien omenez.
Eusko Legebiltzarreko talde guztiek omenaldi isila egin diote Enrique Casas eta Fernando Buesari, Ganberaren kanpoaldean. Enrique Casas 1984ko otsailaren 23an hil zuten Komando Autonomo Antikapitalistek eta Fernando Buesa ETAk, 2000ko otsailaren 22an.
'Gauerdiko Iparrorratza-Brújula de Medianoche' eskulturaren aurrean egin dute omenaldia. Eraildako lau parlamentari omenduko dituzte; aurretik aipatutako biak, lehendabizi, eta Santiago Brouard eta Gregorio Ordoñez, ondoren.
Ganberako talde guztiek parte hartu dute Enrique Casasi eta Fernando Buesari egindako omenaldian. Buesa Jorge Diez Elorza bizkartzainarekin hil zuten, eta hori ere gogoratu dute bertan.
Lehen lerroan izan dira Ganberako presidentea, Bakartxo Tejeria (EAJ), Iñigo Urkullu lehendakaria, Eusko Jaurlaritzako sailburuak eta alderdietako bozeramaileak: Joseba Egibar (EAJ), Laura Mintegi (EH Bildu), Jose Antonio Pastor (PSE-EE), Borja Sémper (PP) eta Gorka Maneiro (UPyD).
Su-ontzia
Gaurko osoko bilkurak dirauen bitartean, su-ontzi bat piztuta izango dute, eraildako bi legebiltzarkide horien zuri-beltzezko argazkiak alboan dituztela.
Legebiltzarreko Mahaiak asteartean erabaki zuen omenaldia urtero egitea, eraildako lau parlamentariak gogoratzeko, data horretatik hurbilen dagoen saioarekin bat eginez.
Horrela, hurrengo omenaldiak Santiago Brouardena (1984ko azaroaren 20an hil zuen GALek) eta Gregorio Ordoñezena (1995ko urtarrilaren 23an hil zuen ETAk) izango dira.