Politika -
Omenaldia
ETA zuritu zutenei gogoeta 'zintzoa' eskatu die Buesaren alargunak
Fernando Buesa buruzagi sozialista eta Jorge Diez ertzaina gogorarazteko ekitaldia egin du Buesa Fundazioak Gasteizko Artium museoan. ETAk 2000ko otsailaren 22an hil zituen.
Erredakzioa
Natividad Rodriguezek, Fernando Buesa buruzagi sozialistaren alargunak, indarkeria "zuritu edo babestu" zuten guztiei gogoeta "zintzoa" egiteko eskatu die. Rodriguezen hitzetan, "okertu zirela, gaizki ekin zutela eta kalte bidegabea eta konponezina egin zutela" onartu behar dute.
Fernando Buesa buruzagi sozialista eta Jorge Diez ertzaina gogorarazteko ekitaldia egin du Buesa Fundazioak Gasteizko Artium museoan, arratsaldean. ETAk 2000ko otsailaren 22an hil zituen.
Alderdi politiko guztiek parte hartu dute ekitaldian, eta Fundazioak Fernando Grande-Marlaska epailea ere gonbidatu du. Magistratuak hitza hartu du bertan, legearen aplikazioaz duen ikuspegia emateko.
Nahiz eta bi urte pasatu eta inork bere bizitza arriskuan ez izan, gaur ETA desagertzeko eskatzen jarraitu behar dugu, adierazi du Fernando Buesaren alargunak hitzaldian.
Fernando Grande-Marlaska magistratua. Argazkia: EFE
Euskal gizartearen elkarbizitza harmonikoa lortzeko, tolerantziaren aldeko apustua egin du Sara Buesak (buruzagi sozialistaren alaba eta Fundazioko presidenteordea).
Justiziak presoak birgizarteratzea bilatu behar duela erantsi du Sara Buesak, "gaizki ekin duen gizaki orok, egindako kaltea ordaindu eta damutu ostean, beste aukera bat merezi duelako".
Bestalde, Grande-Marlaska oraindik argitzeke dauden ETAren 300 krimenak ikertzearen alde agertu da. Indarkeriaren bukaerak Justizia gelditu behar ez duela gaineratu du, zuzenbide-estatuarentzat hori "oztopo bat" izango litzatekeelako. Nahiz eta armak utzi, "zigorgabetasunik ez", nabarmendu du.