Politika -
Elkarrizketa
EAJ:'ETAren armagabetzearen gaineko edozein pauso positiboa izango da'
Euzko Alderdi Jeltzaleak nahiago luke armagabetzea "prozesu azkarra, eraginkorra, egiaztatua eta erabatekoa balitz", Koldo Mediavilla buruzagi jeltzalearen arabera.
Erredakzioa
ETAk armagabetzearen inguruan emandako balizko edozein "aurrerapauso positiboa izango da", EAJren arabera. Dena den, Eusko Alderdi Jeltzaleak nahiago luke "armagabetzea prozesu azkarra, eraginkorra, egiaztatua eta erabatekoa balitz", Koldo Mediavilla EAJren Politika Instituzionaleko arduradunaren arabera.
Nazioarteko Egiaztatzaileek agerraldi publikoa egingo dute bihar Bilboko Carlton hotelean, 14:00etan. Antza denez, ETAren "armagabetze keinu bat" iragarriko dute, eta EAJ iragarpenaren "zain" dago, Mediavillaren arabera.
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, EAJ nazioarteko egiaztatzaileekin elkartuko dela iragarri du, baina bilera horren gaineko informazioa emateari uko egin dio.
ETAk eta ezker abertzaleak oraindik "pauso handi bat" eman behar dutela nabarmendu du Mediavillak: eragindako mina aitortzea eta bide politiko-militarrak porrot egin duela onartzea.
"Bake prozesuaren baitan, inmobilismoak eta porrotak ez dute tarterik", azaldu du.
ETAren balizko desegiteaz galdetuta, ETAko kideak kartzelan dauden bitartean erakunde armatuak bizirik iraungo duela nabarmendu du. EAJren nahia ETAk armak entregatzea, eragindako mina aitortzea eta bere erabakia behin betikoa dela esatea da.
Presoak ere hizpide izan ditu, eta "hitzetatik ekintzetara" igaro behar dutela adierazi du.