Politika -
ETA-ren desarmea
Urkullu bihar bilduko da egiaztatzaileekin ETAren 'urratsa' ezagutzeko
Bihar bertan iritsiko dira Euskadira nazioarteko adituak, eta Urkullurekin egingo dute aurreneko bilera. Ostiralean, alderdi politiko eta gizarte eragileekin bilduko dira, iragarpena egin aurretik.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakaria ostegunean batzartuko da Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordearen ordezkariekin, ostiral honetan Bilboko Carlton hotelean egingo duten iragarpena aurretik ezagutzeko. Bihar bertan iritsiko dira Euskadira nazioarteko adituak, eta Urkullurekin egingo dute aurreneko bilera.
Ram Manikkalingamek zuzentzen duen Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordearen arabera, ostiral honetan egingo duten iragarpena "urrats garrantzitsua eta positiboa" izango da ETAren amaieraren bidean.
Aurrerapauso hori ETAk armak ezkutatzeko erabiltzen dituen ezkutaleku batzuen kokapenaren edo itxieraren berri ematea izan liteke, Europa Press agentziak zabaldu duenez. Bake-prozesua zein egoeratan dagoen azalduko dute, oro har, baina gai nagusia ETAren desarmea izango da.
Agerraldian izango diren Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordeko kideak ondoko hauek dira: Ram Manikkalingam Dialogue Advisory Group erakundeko zuzendaria eta Sri Lankako presidentearen aholkularia Tigre Tamilekin izandako negoziazioetan; Chris Maccabe Hegoafrikako Defentsa eta Inteligentzia ministroorde izandakoa; Ronnie Kasrils Erresuma Batuak Ipar Irlandan duen Bulegoko zuzendari politiko eta Espetxeetako buruzagi izandakoa; Satish Nambiar Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari nagusiaren ordezkari ondoko eta NBEk Jugoslavia ohian izan zuen Misiorako buruzagi eta komandante izandakoa; Aracelly Santana NBEren Nepalerako misioko burua eta Fleur Ravensbergen Dialogue Advisory Group taldeko zuzendariordea.
Europa Press agentziak zehaztu duenez, egiaztatzaileek hartu-emanak izan dituzte ETArekin, eta, ostiralean, "aurrerapauso garrantzitsu eta positibo" baten berri emango dute.
Hilaren 8an, aurki "ekarpen garrantzitsuak" egingo dituela aurreratu zuen ETAk.
Martxoaren 1ean, Lokarrik eta Bake Bideak Bakearen aldeko Foroa antolatuko dute Baionan, eta Brian Currinen taldeak parte hartuko du bertan.