Politika -
Legebiltzarra
Jaurlaritzaren enplegu plana 'propaganda hutsa' dela esan du EH Bilduk
Arri Zulaika eta Belen Arrondo EH Bilduko legebiltzarkideek ezagutzera eman dutenez, 245 galdera erregistratu dituzte Jaurlaritzaren aurreko enplegu planaren ebaluazioa ezagutzeko.
Erredakzioa
Arri Zulaika EH Bilduko legebiltzarkideak astearte honetan azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren enplegu plan berria "propaganda hutsa" da, zerbait lortzera helduko balitz bezala planteatzen delako, baina lanpostuak mantentzeko eta sortzeko "irtenbide integralak" ematen ez dituelako.
Arri Zulaika eta Belen Arrondo EH Bilduko legebiltzarkideek agerraldia egin dute Legebiltzarrean komunikabideen aurrean, eta, ezagutzera eman dutenez, 245 galdera erregistratu dituzte Jaurlaritzaren aurreko enplegu planaren ebaluazioa ezagutzeko.
Zein programa izan diren eraginkorrak eta zein ez jakitea da helburua, horiek errepikatzea merezi duen ala ez ikusteko.
Halaber, Euskadin gehiengoa duten bost sindikatuen ordezkarien agerraldia eskatu dute, plan honi (urtarrilaren amaieran onartu zen) buruzko iritzia batzordean eman dezaten.
2014-2016 Berriztapen Ekonomikoaren eta Enpleguaren Plan honetan hainbat neurri eta ekintza jasotzen dira, 8.000 enpresa txiki eta ertain berri irekitzera eta 32.000 lanpostu berri sortzen laguntzera zuzenduta.