Politika -
Biktimak
Eusko Legebiltzarrak 'torturaren eragina' ikertzeko eskatu du
EAJk eta EH Bilduk adostutako testuan, Europako Batzordeak Torturaren Prebentziorako emandako aholkuak betetzeko exijitu diote Espainiako Estatuari.
Erredakzioa
EAJk eta EH Bilduk bat egin dute Eusko Legebiltzarrean eta "torturak Euskal Herrian izan duen eraginaz ikerketa" egiteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, eta "torturaren kontrako hitzarmenetan ezarritako printzipioak errespetatzeko" exijitu diete "Espainiako botere publikoei.
Adostutako testuan, Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak emandako aholkuak betetzeko eskatu diote Espainiako Estatuari; izan ere, atxilotuen kontrako tratu txarrak saihesteko neurriak indartzeko eskatu zien erakundeak.
PSEren, PPren eta UPyDren kontrako botoa jaso duen testu horretan, "torturen eta tratu txarren biktima izan diren pertsona guztiak aitortzea eta konponketa lortzeko ahalik eta akordio zabalena sustatzea" eskatu dute, eta, horretarako, "Bake eta Elkarbizitza Lantaldean lan egitea" proposatu dute.
Legebiltzarreko saioan Julen Arzuagak (EH Bildu) salatu duenez, Espainiako Estatuak ez du "torturaren fenomenoa argitu nahi izan". Horren harira, gogor kritikatu du delitu horrengatik zigortutako inor espetxeratu ez izana, "bai PPren eta bai PSOEren Gobernuek indultatu egin baitzituzten", eta horrek agerian uzten du "inpunitatea dagoela torturatzaileentzat".
Iñigo Iturratek (EAJ) bat egin du iritzi horrekin, eta Estatuak "beste alde batera begiratu" duela esan du. Horregatik, "neurri zehatzak" eskatu ditu atxilotuei tratu txarrak ematea saihesteko, inkomunikazioa amaitzeko, komisarietan kamerak jartzeko eta atxilotuak konfiantzazko abokatua eta medikua izateko aukera izan dezan.
Mikel Unzalu PSE-EEko kideak ere, testuaren kontra bozkatu arren, tortura gaitzetsi du, baina baita "ETAko hilketena, bahiketena eta mehatxuena" ere.
PPren aldetik, Borja Semperrek ere tortura errefusatu du, eta egileak zigortzea eskatu du. Hala ere, "ETAren estrategia torturak salatzea" dela gogorarazi du.
Gorka Maneiro UPyDren legebiltzarkideak, berriz, ezker abertzalearen "zinismoa eta miseria morala" kritikatu ditu, atxilotuen tratu txarrak salatzen dituelako, "herritar batek jasan dezakeen tortura handienari bide eman ondoren".