Politika -
Nafarroako Ogasuna
Lurrikara politikoa Nafarroan, Nievesen salaketa larrien ostean
Nafarroako Ogasun zuzendari ohiak zergadun batzuei mesedeak egitea leporatu dio Ekonomia kontseilariari. Goicoecheak akusazioak ukatu ditu eta oposizioak dimisioak eskatu ditu.
Erredakzioa
Idoia Nieves Nafarroako Ogasun zuzendari ohiak dimititzeko bere arrazoiak azaltzean Lourdes Goicoechea kontseilariaren harian egindako salaketa larriek aurrekaririk gabeko lurrikara politikoa eragin dute Nafarroan. Besteak beste, "muturra sartzea" eta etengabeko "esku-sartzeak" leporatu dizkio Ogasun zuzendari ohiak Nafarroako Gobernuko lehen presidenteorde eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu kontseilariari.
Nievesen agerraldiaren ostean, oposizioaren gehiengoak Parlamentuan ikerketa batzorde berezi bat sortzearen alde egin zuen azaldutakoaren "larritasuna" dela eta. Alderdi batzuek, Bilduk, Aralar-NaBaik eta Izquierda-Ezkerrak, besteak beste, Lourdes Goicoechea kontseilariaren eta Yolanda Barcina presidentearen dimisioa eskatu zuten.
Nievesek agerraldia egin zuen atzo Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu batzordearen aurrean dimisioaren arrazoiak azaltzeko. Dimisio horren ostean, Manuel Arana haren bigarrenarena iritsi zen, PSN, Bildu, Aralar-NaBai, PPN eta I-E alderdiek eta Manu Ayerdi parlamentariak eskatuta.
Hartutako neurriekin ados ez zegoelako, helbururik antzematen ez zuelako eta kontseilariarekiko "mesfidantzagatik" eman omen du dimisioa Idoia Nievesek, atzo azaldu zuenez, eta hari ez zegozkion "esku-sartze" saiakerak leporatu zizkion kontseilariari.
Kontseilariaren jokaerari dagokionez, Ogasun zuzendari ohiak hainbat pasarte kontatu zituen, besteak beste, zerga-datuetan edo informazioan sartzeko saiakerak, dagoeneko aurreikusita zegoen jarduera bat galarazteko helburua edota zergadun baten eduki bat aldatzeko nahia.
Nievesek adierazi zuenez, kontseilariak beste zergadun baten sozietateen zerga berraztertzeko proposamena aldatzeko estutu zuen, eta Lourdes Goicoecheak bezero batzuk horien "aholkulari fiskala izaten" jarraituko balu bezala jasotzeko kezka zuela gaineratu zuen.
Desadostasuna BEZaren itzulketa itzultzearekin
Nievesek emandako beste arrazoietako bat defizit helburua betetzeko enpresei BEZaren itzulketa 2012ko jardueratik 2013kora atzeratzearekin bat ez zetorrela da, bere ustez, legezko itzulketa epeak ez betetzeaz gain, "zergadunei kalte larriak" egingo lizkiekeelako eta jarduera ekonomikoan eragingo lukeelako, enpresen likidazioa "are eta gehiago" lesionatuz.
Erabaki horiek 2013an 100 milioi euro inguruko ondorioak izan zituzten.
Horrez gain, kontseilariak Ogasuneko profesionalen inguruko mesfidantza "ageria" zuela nabarmendu zuen, baita arlo fiskalean helburu falta ere. Goicoecheak erreforma fiskalari buruz emandako oharrak "gutxi eta zehaztugabeak" zirela gaineratu zuen.
Hitzarmen ekonomikoaren negoziazioari dagokionez, kontseilariak UPNko alderdikide ez izatea aurpegiratu ziola adierazi zuen. "Gaitzespena lekuz kanpo zegoela iruditu zitzaidan", azpimarratu zuen.
Goicoecheak ez du dimisiorik emango
Lourdes Goicoechea Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilariak Idoia Nieves Ogasun zuzendari oiharen salaketa "guztiz faltsua" dela esan zuen, eta akzio legalak aztertuko dituela iragarri zuen. "Ez dut dimisioa aurkeztuko, jarraituko egingo dut", adierazi zuen.
"Mesede pertsonalerako edo profesionalerako nire karguaz aprobetxatu izana guztiz ukatzen dut; inoiz ez dut nire kargua etekinik ateratzeko erabili. Are gehiago: nire kargua sakrifizio pertsonal, familiar eta profesional asko eginez egiten dut", nabarmendu zuen.
Oposizioaren kritikak
Bozeramaileen txandan, Juan Jose Lizarbe sozialistak ikerketa batzorde berezia sortzea eskatuko duela iragarri zuen. Bestalde, Maiorga Ramirez Bilduko bozeramaileak Barcinak eta Goicoecheak "berehala etxera joan behar dutela" esan zuen.
Aralar-NaBai alderdiko Juan Carlos Longasek azaldu zuenez, ez luke Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak bakarrik dimititu behar "oraintxe bertan"; Gobernuko presidenteak ere egin beharko luke. Ana Beltran (PPN) parlamentariaren iritzian, gertaera "oso larriak" dira, eta Jose Miguel Nuin Izquierda-Ezkerrako bozeramaileak deskribatutakoa "portaera mafiosoa" dela adierazi zuen. Azkenik, Manu Ayerdi parlamentariak entzundakoagatik "nahasita" dagoela azaldu zuen.
Beste bozeramaileek ez bezala, Carlos Garcia Adanero erregionalistak entzundakoa zalantzan jarri zuen, eta honako hau gaineratu: "Akusatutako pertsona auzitegietan defendatuko dela imajinatzen dut".
PSNk ez du zentsura mozioa baztertzen
Juan Jose Lizarbe PSNk Nafarroako Parlamentuan duen alboko bozeramailearen hitzetan, "inoiz gertatu den gauzarik larriena" izan zen atzokoa, eta horren ardura Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteari egotzi zion.
Radio Euskadiko "Ganbara" saioan egin zioten elkarrizketan, Lizarbek esan zuen UPN eta Barcina ez daudela egoerak eskatzen duen mailan, eta "beharbada" zentsura mozioaren aukera "aztertu" beharrekoa dela. "Garrantzitsuena da gauzak horrela ez geratzea", esan zuen.
Ildo horretan, sozialistak azpimarratu zuen ikerketa batzordea sortzeko ekimena aurkeztu dutela eta, edonola ere, gertatutakoa argitu arte egokiena dimisioa ematea dela.