Politika -

Bilera Moncloan

ETAren amaiera kudeatzeko akordioa eskaini zion Rajoyk Urkulluri

Espainiako Gobernuaren, Jaurlaritzaren eta PSOEren artean akordioa lortzea eskaini zion Rajoyk, baina proposamena ez da inolako ekimenetan zehaztu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAren amaiera kudeatzeko, Espainiako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta PSOEren artean akordioa lortzea eskaini zion Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Iñigo Urkullu lehendakariari, bi agintariek otsailaren 4an Moncloako jauregian egin zuten bileran, gertuko iturriak aipatuta Europa Pressek jakitera eman duenez.

EiTBk jakin ahal izan duenez, proposamen hori egin zion Rajoyk Urkulluri joan den asteko bileran, baina ez da inolako ekimenetan zehaztu. Iturri horiek, halaber, ''ETAren amaiera ordenatua'' lortzeko oinarriak ''ahalik eta alderdi politiko gehienekin'' partekatu beharra azpimarratu dute.

Urkulluren eta Rajoyren arteko bileraren aurretik, batzarra egin zuen lehendakariak Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko buruarekin eta Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiarekin. Urtarrilaren 31ko hitzordu horretan Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidentea ere izan zen, eta indarkeriaren amaiera izan zuten hizpide.

Europa Presseko iturrien arabera, hilaren 4ko Rajoyren eta Urkulluren bileran presoak izan zituzten hizpide, baina lehendakariak ez zuen gai horren inguruko proposamen zehatzik aurkeztu (aurreko bilera batean egin zuen). Horrez gain, indarkeriaren bukaera nola jorratu ere hitz egin zuten. Ildo horretan, Espainiako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta PSOEren artean akordioa lortzea eskaini zion presidenteak lehendakariari. Bi agintarien artean ''harreman ona'' egon zela gaineratu dute iturri horiek.

Urkulluk, bestalde, "bakegintza eta bizikidetza plan oso bat" aurkeztu zion Rajoyri; ETAren desarmea, egindako kaltearen aitorpena, biktimen egoera erreparatzea, espetxe politikaren malgutasuna eta EAEn nagusi diren lau "tradizio politiko nagusien adostasunaren beharra" jasotzen ditu dokumentu horrek, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak gaur goizean azaldu duenez.

Plan hori biltzen duen testua da lehendakariak Euskadiko PPko presidentari (Rajoyrekin bildu ostean elkartu zen Quirogarekin Eusko Legebiltzarrean), Sorturi, sozialistei eta gaiaren inguruan hitz egin duen ''solaskide guztiei'' aurkeztu diena, Erkorekak azaldu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Rajoy albisteak Albisteak Urkullu